Mundua -

Koronabirusa

Nobel saridunek eta gobernuburu ohiek txertoen patenteak baliogabetzea eskatu dute

Enpresa-farmazeutikoen interesen gainetik pertsonen osasuna bermatu behar dela aldarrikatzen dute. 170 Nobel saridunek eta gobernuburu ohik, 388 europarlamentarik eta 34 erakundek sinatu dute testua.

AstraZeneca, Moderna, Sputnik V, Sinopharm eta Pfizer-BioNTech txertoak. Artxiboko argazkia: EFE
AstraZeneca, Moderna, Sputnik V, Sinopharm eta Pfizer-BioNTech txertoak.
AstraZeneca, Moderna, Sputnik V, Sinopharm eta Pfizer-BioNTech txertoak. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ari aurre egiteko txertoen gaineko patenteak bertan behera uzteko eskatuz joan den urrian Indiak eta Hegoafrikak jarritako ekimena atxikimendu ugari jasotzen ari da. Besteak beste, 170 Nobel saridunek eta gobernuburu ohik, 388 europarlamentarik eta nazioarteko 34 erakundek sinatu dute adierazpena.   

Munduko Merkataritza Erakundeak apirilaren 30ean egingo duen batzarrean ekimen horren alde egin dezala eskatzen diote Europar Batasunari, "mundu osoan milioika bizitza salbatzeko lagunduz".

Dagoeneko Munduko Merkataritza Erakundean parte hartzen duten 162 herrialdetatik 103k egin dute bat pandemia egoeran honetan txertoen gaineko patenteak baliorik gabe uzteko aldarrikapenarekin. Ekimena babestu duten pertsona ezagunen artean Joseph Stiglitz Nobel sariduna; François Holland, Mary Robinson eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Frantziako, Irlandako eta Espainiako presidente ohiak; eta Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusia daude.  

"Espainia gaia eztabaidatzeko prest agertu da, orain arte Europar Batasunaren ildoari eutsi badio ere. Pedro Sanchezek eta Carolina Dariasen joan den astean iragarri zuten patenteak aldi batez baliorik gabe uzteko aukera aztertzeko borondatea zutela", diote agiri batean.  

"Azken urtean, buruzagi politiko europar askok esan dute, tartean Pedro Sanchezek, txertoak ondasun publiko globaltzat hartu beharko liratekeela. Baina ez dira hitzetatik ekintzetara igaro, eta orain dute horretarako aukera. Munduak txertoak behar ditu, eta pertsona guztiengana heltzeko ekoizpena handitzea ezinbestekoa da", adierazi du Vannesa Lopez Osasuna Zuzenbidez erakundeko zuzendariak.

"Txertoen ekoizpena handitzeko aukerarik eraginkorrena eta errealena patenteak kentzea da, eta hori egitea gure esku dago. Onartezina da jendea hiltzen uztea, enpresen interes ekonomikoen mesedetan; eta gobernuak pertsonak eta haien bizitzak babestera behartuta daude. Hori da Europar Batasunari eta estatuei eskatzen dieguna", azpimarratu du.

Nazioarteko erakundeek ohartarazi dute azken hilabeteetan egin diren bileretan ez dela erabakirik hartu eta iritziak konpartitzeko soilik balio izan dutela. Horrela, bada, Europar Batasunari jarreraz alda dezala eta ekimena blokeatzen ari diren herrialdeetan eztabaida bultza dezala eskatu diote.

"Patenteak indargabetzea da gobernuek duten modurik eraginkorrena mundu mailako elkarlanarekin konprometituta daudela erakusteko eta txertoen banaketa bermatzeko", erantsi dute.

Erakunde horien arabera, Munduko Osasun Erakundeak abiarazitako covid-19ari buruzko ezagutza zientifikoa konpartitzeko ekimena –COVAX- oraindik gauzatu gabe dago, herrialdeen konpromisoa ezinbestekoa delako horretarako. "Eta, hala egingo balitz ere, ez litzateke nahikoa izango pandemia gainditzeko. Gauzak aldatzen ez badira, gutxi batzuen irabazi ekonomikoek baldintzatuko dute gizartearen etorkizuna", salatu dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europar Batasuna Gaixotasunak Nobel sariak Eguneko albisteak Albisteak India Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa