Mundua -

EZBEHARRA

Itsaspeko baten 53 tripulatzaileak hil dira Indonesian, ur azpian desagertuta

Itsaspekoa asteazkenetik zegoen desagertuta. 850 metroko sakoneran aurkitu dute, hiru zatitan banatuta. Gertakaria ikertzen ari dira, eta, lehen lana, itsasotik ateratzea izango da.

Erreskate taldeek hondoratutako urpekariaren irudi batzuk lortu dituzte. Argazkia: EFE
Erreskate taldeek hondoratutako urpekariaren irudi batzuk lortu dituzte.
Erreskate taldeek hondoratutako urpekariaren irudi batzuk lortu dituzte. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

53 tripulatzaile zeramatzan itsaspekoa desagertu zen asteazkenean Indonesian, Bali inguruan maniobra militarrak egiten ari zela, eta geroztik, haren bila zebiltzan. Atzo aurkitu zuten eta gaur inor ez dagoela bizirik jakinarazi dute. Hadi Tjahjanto Indonesiako Indar Armatuen Estatu Nagusiko buruak baieztatu duenez, 'KRI Nanggala 402' itsaspekoaren 53 tripulatzaileak hil egin dira.

Erreskate taldeek itsaspekoaren zati batzuen "irudiak" lortu dituzte, hala nola, atzeko lema bertikala, aingura batzuk eta kanpoko kroskoaren sekzioak.

"Benetako frogetan oinarrituta, 'KRI Nanggala 402' hondoratu egin da eta tripulazioko kide guztiak hil egin dira", azaldu du Indonesiako arduradun militar nagusiak prentsaurreko batean.

Erreskatatzaileek aurkitutako itsaspekoaren txaleko bat erakutsi dute prentsaurrekoan, normalean larrialdietarako kutxa batean gordeta egoten dena; eta beraz, militarren batek ireki zuela uste da, baina ez zuela jantzi.

Ezbeharra izan duen urpekoa Balitik 95 kilometrora aurkitu dute, 850 metroko sakoneran, 250-500 metroko gehienezko sakonerarako diseinatuta dagoenean. Gainera, hiru zatitan aurkitu dute: kaskoa, txopa eta zati nagusia.

Gertakaria ikertzen ari dira, baina, oraingoz, baztertu egin dute giza akats bat egotea atzean, prozedura guztia egokia izan baitzen urperatzeko unean, adituen arabera.

Orain helburua itsaspekoa berriz flotaraztea da, baina kasuaren berezitasunak direla eta, zaila omen da egokia den metodo bat erabakitzea.

Baieztapen ofizialaren aurretik, Joko Widodo Indonesiako presidenteak doluminak eman zizkien jada 53 marinelen familiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Indonesia Asia