Mundua -
AEB
Chauvin polizia ohia George Floyden hilketaren errudun jo du epaimahaiak
Aho batez ebatzi dute errudun dela bigarren graduko arduragabekeriazko hilketan, hirugarren graduko hilketan, eta arduragabekeriazko homizidioan.
agentziak | eitb media
Derek Chauvin, 2020ko maiatzean Minneapolisen (Minnesota, AEB) George Floyd herritar afroamerikarra hiltzea egotzita epaitu duten polizia ohia, errudun jo dute leporatzen zizkioten hiru karguetan. Zortzi aste barru jakinaraziko dute epaia.
Epaimahaiko kideek aho batez ebatzi dute errudun dela bigarren graduko arduragabekeriazko hilketan (40 urte arteko kartzela-zigorra), hirugarren graduko hilketan (25 urte gehienez), eta arduragabekeriazko homizidioan (10 urte gehienez).
Zigor aurrekaririk ez duenez, gehienez 12 urte eta erdiko zigorra jasoko du lehenengo bi karguetako bakoitzagatik, eta lau urte artekoa hirugarrenagatik.
Epaimahaiko kideek 10 ordu inguru behar izan dituzte azken erabakia hartzeko, eta Minneapolisen 16:00k zirenean (23:00k Euskal Herrian) Peter Cahillek irakurri du ebazpena.
Chauvin errudun dela iragarri denean, Minneapoliseko hirian poz oihu eta zaratak entzuten hasi dira: klaxonak, "justizia" oihuak eta txaloak.
Epaitegiaren atarian elkartu diren 600 pertsonek sakelako telefonoan jarraitu dute adierazpen osoa, eta elkar besarkatuz eta saltoka jaso dute albistea.
"Hau ez da ospakizun bat, lehenengo urratsa da. Iraultza bat da hau!", adierazi du manifestarietako batek megafonoarekin, ukabila altxatuta.
Floyd 2020ko maiatzaren 25ean hil zen. Denda batean ustez billete faltsu batekin ordaintzeagatik indarrez atxilotu zuten lau agentek. Lurrera bota zuten eta une horretan Chauvinek hanka lepoan jarri zion, itota hil zen arte.
George Floyden sendia: "Gaur arnasa har dezakegu berriro"
"Gaur arnasa har dezakegu berriro", adierazi du Philonise Floyd prentsaurreko batean, anaiak hil aurretik esan zituen azken hitzei erreferentzia eginez ("Ezin dut arnasik hartu").
"Gaur lasai sentitzen naiz, azkenean lo pixka bat egiteko aukera izango dudalako", gehitu du.
Gainera, afroamerikarren aurkako beste indarkeria kasu batzuk ekarri ditu gogora. Bereziki gogoan hartu du Daunte Wright, duela astebete Poliziak Minneapolisen tiroz hil zuen gizona.
"Protesta egin behar dugula ulertu behar dugu. Beti egin beharko dugu", azpimarratu du.
Terrence Floyd, George Floyd zenaren anaia. Argazkia: EFE
Joe Biden: "Pauso erraldoia da justizia lortzeko bidean"
Joe Biden AEBko presidenteak nazioari zuzendutako hitzaldia eskaini du Etxe Zuritik. Haren esanetan, "pauso erraldoia da justizia lortzeko bidean", baina argi utzi du oraindik ere asko dagoela egiteko Ameriketako Estatu Batuetako "arrazismo sistemikoa" gainditzeko. "Benetako aldaketak eta erreformak lortzeko, horrelako tragediak berriro gertatzeko probabilitatea murriztu dezakegu eta murriztu behar dugu", gaineratu du.
"Aldaketarako une esanguratsua izan daiteke", nabarmendu du.
Gauzak horrela, Bidenek Kongresuari eskatu dio AEBko Polizia Departamentuen jardua erreformatzeko lege proiektu bat onartzeko, Floyden heriotza eragin zuten taktikak debekatuko lituzkeena eta herritarrak modu bidegabean zauritzen edo hiltzen dituzten agenteen aurkako salaketak erraztuko lituzkeena.