Mundua -
ERRUSIA
Navalnik okerrera egin duela eta bere bizitza arriskuan dagoela ohartarazi dute
Navalniren konfiantzako mediku bat jartzea eskatu dio EBk Errusiari eta AEBk ohartarazi du "ondorioak" egongo direla kartzelan hiltzen bada. Jarraitzaileek protestak deitu dituzte asteazkenerako.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Martxoaren amaieratik gose greban dagoen Alexei Navalni errusiarraren aliatuek adierazi dutenez, opositorearen osasun egoerak okerrera egin du eta bere bizitza arriskuan dago. Salatu dutenez, Kremlinek ez du konfiantzazko mediku baten bisita baimentzen.
Anastasia Vasilieva Navalniren medikuen zuzendariak bere odol analisien emaitzen kopia bat argitaratu du, maila "kritikoan" dagoela erakutsiz. "Horrek esan nahi du giltzurrunetako akats bat dagoela, eta horrek edozein unetan bihotzaren erritmoan aldaketa larria ekar dezake", idatzi du Twitterreko bere kontu pertsonalean.
Horren aurrean, Kira Yarmysh Navalniren bozeramaileak kezka agertu du Facebooken: "Alexey hiltzen ari da. Bere egoera ikusita, eguntako kontua da", idatzi du.
Navalni urtarrilaren 18an atxilotu zuten Moskuko aireportura iritsi zenean, baldintzapeko askatasuna ez betetzeagatik, Alemanian hilabeteak eman ostean, pozoitze batetik errekuperatzen (Vladimir Putinei egotzi dio pozointzearen ardura), eta hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten. Horren ostean, dozenaka mobilizazio izan ziren eta milaka manifestari atxilotu zituzten.
Errusiako oposizioak protestak iragarri ditu Errusiako hainbat hiritan apirilaren 21erako.
Navalni berehala bere konfiantzazko mediku batek ikus dezala eskatu dio Europar Batasunak Errusiari
Josep Borrell EBko Atzerri Politikako goi-ordezkariak Errusiako agintariei eskatu die "Navalni berehala bere konfiantzako mediku profesionalekin egotea bermatzeko", eta oposiziogilea "berehala eta baldintzarik gabe aske uzteko" ere eskatu du, arrazoi politikoengatik preso dagoela iritzita.
"Navalniren kasua ez da gertakari isolatua, oposizioarentzat, gizarte zibilarentzat eta Errusiako Federazioko ahots independenteentzat dagoen eredua agerian uzten du", adierazi du Borrellek, Navalniren atxiloketa, auzipetzea eta zigor "arbitrarioa" salatu ostean. "Europar Batasunak gai horri helduko dio Kanpo Arazoetako ministroen hurrengo bileran, apirilaren 19an, astelehenean", azaldu du Borrellek.
AEBk Errusiari ohartarazi dio "ondorioak" izango direla Navalni kartzelan hiltzen bada
Jake Sullivan Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariak Errusiako agintariei ohartarazi die "ondorioak" izango dituztela Alexei Navalni oposizioko burua gose greban hiltzen bada.
"Errusiako Gobernuarekin harremanetan jarri gara eta nazioartearen aurrean erantzule izango direla ohartarazi diegu", adierazi dio Sullivanek CNN telebista kateari.
"Egin genitzakeen gauza batzuk aztertzen ari gara, eta ez ditut une honetan adieraziko, baina Navalni jauna hiltzen bada ondorioak izango direla jakinarazi diegu", berretsi du.