Mundua -
IRAN
Iranek mendekua agindu du Israelen aurka Natanzeko instalazioan gertaturikoagatik
Uranioa aberasteko azpiegituran izandako leherketa eraso terroristatzat jo du Iranek, eta Israel seinalatu du zuzenean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Irango Islamiar Errepublikak Israel jo du igandean uranioa aberasteko Natanzeko azpiegituran izandako leherketaren erantzule. Are gehiago, "terrorismo" ekintza gisa definitu du, eta mendekua agindu du erregimen sionistaren kontra.
Mendekua "une eta toki egokian" hartuko dutela esan du Said Jatibzade Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Gaineratu duenez, Israel gertatutakoaren erantzule egiten duten informazioak daude.
Jatibzaderen hitzetan, Israelek ez du lortu Iranen ahalmen nuklearra ahultzea; izan ere, Irango albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera, zentrifugatzeko gailuak kaltetu dira eta modernoago batzuk jarri behar zituzten horien ordez.
Mohamed Yavad Zarif Irango Atzerri ministroaren esanetan, itun nuklearra oztopatzea da Israelen helburu bakarra. Ildo horretan nabarmendu duenez, Teheranen jarrera ez da atzo zuena baino ahulagoa.
2015ean sinatu zuen Iranek itun nuklearra AEBrekin, Errusiarekin, Alemaniarekin, Frantziarekin, Erresuma Batuarekin eta Txinarekin. Donald Trump agintera iritsi zenean, ordea, ituna hilda gelditu zen. Iragan astean, Iranekin negoziatzeari ekin zion berriro AEBk, Vienan.
Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia iturriak aipatuz The New York Times egunkariak zabaldu duenez, gutxienez bederatzi hilabete beharko ditu Iranek uranioa aberasteko programa berriro ere martxan jartzeko.
Oraingoz, Israelek isilik jarraitzen du.