Mundua -
Iran
Uranioa aberasteko instalazio baten kontrako "terrorismoa" salatu du Iranek
Irango Energia Atomikoaren Erakundeko buruak nazioarteari eskatu dio Natanzeko instalazioaren kontrako sabotajeari erantzun bat emateko. Israelgo hedabideen arabera, Mossad dago zibererasoaren atzean.
M. D. | EITB Media
Irango Energia Atomikoaren Erakundeko buru Ali Akbar Salehik "terrorismo nuklearreko" ekintzatzat hartu du Natanzeko uranioa aberasteko instalazioetan izandako gertakari elektrikoa.
Salehik nazioarteko komunitateari eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeari eskatu die "terrorismo nuklear honen aurrean jarduteko" eta ohartarazi du Iranek "egileen kontra ekintzak hartzeko eskubidea" duela.
Natanz lurpeko 100.000 metro karratuko instalazioa da. 2020ko uztailaren 2an eztanda bat izan zen, eta bere momentuan "sabotajetzat" hartu zuten.
Israelgo zenbait hedabideren arabera, Israelgo zerbitzu sekretuen, Mossaden, zibereraso bat dago gertakari elektrikoaren atzean.
Behruz Kamalvandi Irango agentzia atomikoaren bozeramaileak jakitera eman duenez, gertakariak ez du "kutsadurarik eragin, ezta zauriturik ere". Arrazoiak "ikerketapean" daudela gaineratu du.
Gertatutakoaren inguruko zalantzak goizeko lehen ordutik sortu dira; izan ere, 2020ko uztailaren 2an zentrifugatzaile aurreratuen muntatze aretoan sua piztu zen, eta suteak ekipoak suntsitu zituen. Orduan ere "sabotajea" izan zela salatu zuten.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia Natanzeko Shahid Ahmadi Roshan instalazio nuklearra ikuskatzen ari den tokietako bat da, 2015ean Iranek eta beste sei potentzia handik sinatutako akordioaren arabera. Washingtonek 2018an ituna utzi zuen, Teherani berriro zigorrak inposatzeko.
Salehik gertatutakoa ez dio herrialde zehatz bati leporatu, baina Israelen balizko ekintza baten inguruko zurrumurruak etengabeak izan dira. Aldez aurretik, Stuxnet birusa Natanz erasotzeko erabili zuten 2010ean. Birusa AEBek eta Israelek garatu zuten.
Itzalaldia zibereraso baten ondorio izan dela azaldu dute Israelgo zenbait komunikabidek. Malek Shariati Niasar Irango diputatu eta Parlamentuko Energia batzordeko kideak gertatutakoa "oso susmagarria" dela adierazi du.
2015eko akordio nuklearreko kideak Vienan bildu dira aste honetan, ituna salbatu eta AEB zein Iran akordiora bueltatzeko ahaleginean. 2019an konpromisoak betetzeari utzi zion Teheranek, Washingtonen zigorrei erantzuteko. Israel itun nuklearraren guztiz aurka dago.