Mundua -

FLOYDEN HILKETAGATIK EPAIKETA

Chauvinek Floydengan “indar hilgarria” erabili zuela esan du epaiketan aditu batek

Stiger sarjentuak adierazi duenez, ezin da justifikatu Floyden gaineko indarrari horrenbeste denboraz eustea, “Floyd etzanda baitzegoen, eskuburdinekin, eta ez zuen aurre egiteko asmorik agertzen”.

George Floyden aldeko murala, Minneapolisen. Argazkia: EFE
George Floyden aldeko murala, Minneapolisen.
George Floyden aldeko murala, Minneapolisen. Argazkia: EFE

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrera darrai Minneapolisen George Floyd afroamerikarraren hilketaz akusatuta dagoen Derek Chauvinen aurkako epaiketa. Zortzigarren saioan Jody Stiger sarjentuak deklaratu du, Estatu Batuetako Poliziaren indar erabileran aditua denak, eta baieztatu du Chauvinek “indar hilgarria” erabili zuela Floydengan.

Stigerrek adierazi du hasieran Floyd immobilizatzeko erabilitako indarra “egokia” izan bazen ere, agenteak “ekintza murriztu behar zuela” behin biktima lurrean zegoenean.

Aditua “mina betetzeko teknikari” buruz mintzatu da; teknika hori erabiltzen du poliziak subjektuak aginduak betetzea nahi duenean, eta “agindu horiek betetzen dituen neurrian” teknika mingarriak murrizten joatean datza.

Stigerrek nabarmendu duenez, Floyden gainean indarra bederatzi minutuz mantentzea eta mailaz igotzea ez dago justifikatuta: “Etzanda zegoen, eskuburdinekin, eta ez zuen aurre egiteko asmorik agertu”, gainera adierazi du atxilotuak mina eta arnasa hartzeko zailtasunak zituela argi esan zuela.

Stigerren arabera, “posizio horretan egote hutsak, eta, bereziki, eskuburdinekin egoteak, zaildu egiten dio pertsona horri arnasa normal hartzea, eta horrek heriotza eragin dezake”. “Horri gorputzaren pisua gehitzen badiogu, heriotza eragiteko aukerak handitu egiten dira”, gaineratu du.

Chauvini bigarren mailako hilketa, bigarren mailako nahi gabeko hilketa eta hirugarren graduko hilketa leporatzen dizkiote. Hamabi pertsonak osatzen duten epaimahaiak erruduntzat jotzen badu epaiketan, Chauvinek 40 urteko kartzela-zigorra jaso dezake bigarren graduko hilketagatik, 25 urtekoa hirugarren graduko hilketagatik eta hamar urtekoa nahigabeko hilketagatik.

Floyd, 46 urteko arraza beltzeko gizasemea, 2020ko maiatzaren 25ean hil zen, Chauvinen belauna lepoan zuelako arnasarik hartu ezinda. Floydek 20 dolarreko billete faltsu batekin ordaindu  izanak eragin zuen poliziaren erantzuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak