Mundua -
Koronabirusa
Pandemiak baztertuta daudenen eskubideak higatzen ditu, AIren arabera
Tratu txarren biktima asko etxean erasotzailearekin harrapatuta geratu zirela gogorarazi du, eta laguntza eskatzeko aukerarik ere ez dutela izan hainbatek.
agentziak | eitb media
Covid-19aren pandemiak handitu egin ditu munduan jada bazeuden desberdintasun sozialak eta baztertuta zeuden kolektiboen eskubideak higatzen ditu, tartean gutxiengo etnikoenak, errefuxiatuenak eta emakumeenak, Amnistia Internazionalak (AI) gaur argitaratu duen urteko txostenean agertzen denez.
Erakunde humanitarioak 149 herrialdetako egoera aztertu du 2020 osoan, eta salatu du hainbat gobernuk osasun krisia erabili dutela agenda propioetan aurrera egiteko eta herritar talde ahulenak baztertzen jarraitzeko, Agnes Callamard idazkari nagusiak Efe albiste-agentziari azaldu dionez.
"Koronabirusari aurre egiteko neurriek handitu egin dituzte desberdintasunak", azpimarratu du Aik.
"Jendeari etxean geratzeko esan zaio, baina nola geratuko zara etxean ez baduzu? Nola geratuko zara etxean baztertutako inguru batean biziz gero? Nola geratuko zara etxean familia elikatu behar baduzu eta egunerokoaren mende bizi bazara? Ez da posible, beraz, arriskatu eta kanpora ateratzen zara", adierazi du Callamardek.
Migratzaileak
Osasun krisiarekin larritu egin da milioika errefuxiaturen, migratzaileren eta asilo eskatzaileren egoera, bizitzeko hornidura eten delako, mugetako kontrolak gogortu direlako eta horietako asko harrera zentroetan harrapatuta geratu direlako.
Amnistia Internazionalak Ugandako egoera azpimarratu du, Afrikan errefuxiatu gehien dituen herrialdea delako (1,4 milioi). Izan ere, pandemiaren hasieran muga itxi zuen eta ez zuen salbuespenik egin herrialdean sartu nahi zuten asilo eskatzaileekin. Ondorioz, 10.000 pertsona baino gehiago blokeatuta geratu ziren Kongoko mugan.
"Gobernuak euren herritarretan zentratu dira, eta ez dituzte zaindu bertako naziotasunik ez duten eta muturreko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak", aipatu du Callamardek, errefuxiatu eremuak "erabat utzita" egon direla azpimarratu aurretik.
Indarkeria matxista
Amnistia Internazionalak indarkeria matxistaren eta familia barruko indarkeriaren gorakada atzeman du pandemian. Emakumeek, LGBTI pertsonekin batera, oztopo handiagoak dituztela babesa jasotzeko mugikortasunean dauden murrizketengatik, eta horrek egoera zaurgarriagoan uzten dituela.
Biktima asko erasotzailearekin isolatuta geratu ziren etxean, erasoak salatzeko eta laguntza jasotzeko inolako baliabiderik gabe.
Autoritarismoa
Erakunde humanitarioaren txostenean azaltzen denez, buruzagi politiko askok krisia aprobetxatu dute neurri autoritarioak normaltzeko, "giza-eskubideekiko erabateko mespretxua" erakutsiz.
"Gobernuek covid-19a erabili dute disidentzia, kritika eta adierazpen askatasuna deuseztatzeko", ohartarazi du Callamard.