Mundua -

Nazioarteko garraioa

'Ever Given' erabat askatu dute, eta itsas trafikoa martxan da Suezko kanalean

Orain bertikalean dago, ur-ertzarekiko paraleloan, goizaldetik lanean aritu ostean. Azkenean, marearen laguntzarekin lortu dute bideratzea.

Ever Given, Suezko kanalean. Argazkia: Efe
Ever Given, Suezko kanalean. Argazkia: Efe
'Ever Given' ontzia berriz ere Suezko kanaletik nabigatzen ari da bere motorrekin

1:06

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ever Given kontainerrak garraiatzen dituen itsasontzia guztiz askatu dute, eta bertikalean doa, ur-ertzarekiko paraleloan, Suezko kanalean barna. Hainbat orduz lanean aritu ostean, ontzia bideratzea lortu dute, eta martxan da itsas trafikoa Egiptoko puntu horretan.

Suezko Kanaleko Agintaritzak jakinarazi duenez, "arrakasta izan dute itsasontzia askatzeko ahaleginek", eta zabaldu dituen irudietan ontzia ikus daiteke kanalarekiko paraleloan, astebetez horizontalean egon eta kanala bi norabideetan blokeatu ostean.

Agintaritza kudeatzaileak zabaldutako bideoan itsasontzia bere kasa nabigatzen agertzen da, beste itsasontzi batzuek, ospatzeko, klaxona jotzen zuten bitartean.

Bestalde, Leth Agencias logistika zerbitzuak, kanalean lan egiten duenak, jakinarazi du itsasontzia iparraldera doala, kanalaren erdigunera, Laku Handian geratzeko asmoz.

Gaur goizean, Suezko Kanaleko Agintaritzak azaldu du, hain zuzen ere, bertan gertatzeko aukera dagoela, gertakariaren ostean ontziaren egoera zein den aztertzeko.

Extra News Egiptoko telebista-kateak zabaldu duenez, gaur arratsaldean bertan jarri da itsas trafikoa martxan, 400 metro luze den itsasontzia bideratuta.

18.300 kontainer daramatza Panamako bandera duen baina Taiwango Evergreen enpresarena den itsasontziak; aurreko asteartean hondartu zen, Egiptoko haize- eta hondar- ekaitz baten erdian.

Ondorioz, Suezko kanala blokeatuta egon da hainbat egunez. Hortik igarotzen da munduko merkataritzaren % 10 eta kontainerren % 25, eta gaur 367 itsasontzi zeuden bertan ez aurrera, ez atzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Nazioartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Egiptoko albisteak Asia albisteak Merkantzia-garraioari buruzko albisteak