Mundua -
TXINA
Giza eskubideak eta Xinjiangeko kotoia
Nazioarteko marka batzuek kotoi hori erabiltzen jarraitu dute, baina beste batzuek erabiltzeari uztea erabaki dute. Txinako zenbait internautak enpresa horiei boikot egiteko deia egin dute.
EITB MEDIA
Nazioarteko hainbat markak, Hugo Bossek eta ASICSek, besteak beste, Txinako sare sozialetan iragarri dute Xinjiang eskualdeko kotoia erosten jarraitzeko asmoa dutela, Txinak eta Mendebaldeak giza eskubideen ustezko urraketengatik zigorrak jarri dituzten arren. Bestalde, H&M eta Nike markek hor ekoitzitako kotoia erabiltzeari uztea erabaki dute.
Europar Batasunak Txinako erakunde bati eta lau pertsonari zigorrak ezarriko dizkiela iragarri du aste honetan, Xinjiang eskualdean giza eskubideen ustezko urraketengatik. Erresuma Batuak, Kanadak eta Estatu Batuek ildo bereko zigorrak iragarri dituzte. Txinak, bere aldetik, zigorrak jarri dizkie EBko lau erakunderi eta 10 pertsonari errepresalia gisa.
Txinako eskualde horretako ustezko praktiken inguruko salaketak polemika handia sortu du, eta nazioarteko hainbat markak jarrera hartu dute horren inguruan.
Hugo Bossek komunikatu bat kaleratu du Weibo sare sozialean ("Twitter txinatarra"), eta, bertan azaldu duenez, "Xinjiangen kotoia erosten eta babesten" jarraituko du, "munduko onenetarikoa" dela uste duelako.
Haratago joanez, "Txina bakarraren printzipioa" errespetatzen duela eta herrialdearen "subiranotasuna eta lurralde osotasuna" defendatzen duela esan du.
Eskualdeko kotoia erosten jarraituko duen beste marketako bat Asics da, eta herrialdearen "subiranotasun nazionala eta lurralde osotasuna" defendatzen duela ziurtatu du. Gainera, "Txinaren inguruko zurrumurruak zabaltzeko eta difamatzeko ekintza guztien aurka" dagoela azaldu du.
FILA enpresak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "Txinako FILAk Txinan kotoia ekoizten duten eremuetako kotoia erosi eta erabili du, Xinjiangekoa barne", eta Kotoi Hoberako Ekimena (BCI), material horren iraunkortasunean diharduen munduko erakunderik handiena, utziko duela iragarri du.
Boikota egiteko deia
Beste marka batzuek (H&M eta Nike, besteak beste) eskualde horretako kotoia erabiltzeari uztea erabaki dute sektorearen ustezko bortxazko lanengatik. Txinako zenbait internautak enpresa horiei boikot egiteko deia egin dute.
Txinako merkataritza elektronikoko hainbat plataformak H&M Suediako arropa markaren denda digitala erakusteari utzi diote, kotoi hori erabiltzeari utzi diola iragarri eta hilabete batzuetara.
Komunikatuan, markak debekatu egin zuen bere hornidura-katean "bortxazko lanik egon izana, herrialdea edo eskualdea edozein dela ere", eta Txinako hornitzaile batekin zuen lan-harremana eten egingo zuela iragarri zuen, Txinako eta atzerriko 82 konpainiari uigur gutxiengoaren kideak nahitaez lekualdatzeagatik egindako salaketak argitu arte.
Txinako Gazte Komunisten Ligako Batzorde Zentralak mezu bat argitaratu zuen Weibo sare sozialeko profilean: "Txinan dirua irabazi nahi duzu Xinjiangeko kotoia boikotatzeko zurrumurruak zabaltzen dituzunean? Gustatuko litzaizuke!".
Nike konpainiak H&M markak kaleratu zuen komunikatuaren antzeko bat kaleratu zuen iaz, eta, oraingoz, Asiako erraldoian zuen irudietako batek, Wang Yibo aktoreak, markarekin zuen kontratua amaitu duela zabaldu da.