Mundua -
IPAR KOREA
Ipar Koreak irismen laburreko bi misil balistiko jaurti ditu Japoniako itsasoan
Japoniak eta Hego Koreak maniobra salatu dute, NBEren segurtasun ebazpenak urratzen dituelakoan.
O. P. | EITB MEDIA
Ipar Koreak arma-entseguak egiten jarraitzen du, eta oraingoan irismen laburreko bi misil balistiko jaurti ditu Japoniako itsasoan. Hala adierazi dute Hego Koreako Estatu Nagusi Bateratuak eta Japoniako lehen ministro Yoshihide Sugak; gaineratu dute jaurtiketa horiek NBEren Segurtasun kontseiluaren ebazpenak urratzen dituztela. Jaurtiketa baieztatu dute AEBko goi-mailako funtzionarioek ere.
Jaurtiketa hau, beraz, astebetean Pyongyangek egiten duen bigarren jaurtiketa litzateke. Izan ere, pasa den igandean gurutzaldi-misilak probatu zituen.
Asteburuko maniobrak ez bezala, oraingoak urratu egingo lituzke nazioarteko segurtasun ebazpenak; izan ere, NBEak debekatua dio Ipar Koreari misil balistikoekin entseguak egitea. Hala ere, badirudi Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagi gorenak entzungor egiten diela ojiba nuklearrez horni daitezkeen suziriak garatzen jarraitzea saihesteko nazioartetik behin baino gehiagotan ezarri zaizkion zigorrei.
Jaurtiketa baieztatu ostean, lehen ministro japoniarrak erasoa salatu du eta “irmo” gaitzetsi ditu gertaerak. Kyodo notizia agentziak jasotzen duenez, Sugak uste du ekintza honek “Japoniako eta inguruetako bakea eta segurtasuna mehatxupean” jartzen dituela.
Komunikatu batean, Seulek “kezka handia” duela adierazi du, eta Segurtasun Nazionaleko Kontseilua deitu duela iragarri du, alerta-maila “maximoa” delako.
Hego Koreako armadak emandako xehetasunen arabera, jaurtigaiak Hamju hiritik bota zituzten, ekialdeko itsasertzetik gertu, eta 450 kilometroko ibilbidea egin zuten 60 kilometroko altitudean; ez ziren Japoniako lurretaraino iritsi.