Mundua -
CORONAVIRUS
AstraZenecaren 29 milioi txertoren aurkikuntzak bizitu egin du EBrekin duen gatazka
Farmazia enpresak ukatu egin du Italian aurkitutako txertoak Erresuma Batura bidaltzeko asmoa zuenik, eta zati bat 27en artean banatuko duela hitzeman du.
EITB MEDIA
Italiako agintariek AstraZenecaren txertoaren 29 milioi dosi aurkitu dituzte Italiako biltegi batean, ustez Erresuma Batura esportatzeko prest, 'La Stampa' egunkariaren arabera.
Dosiak Catalent enpresak Erromatik gertu duen lantegi batean aurkitu dituzte, Europako Batzordeak hala ohartarazi ostean. Bloomberg agentziaren arabera, gutxienez dosi horien zati bat Herbehereetan ekoitzi du Halix enpresak, hilean bost milioi dosi ekoizteko gaitasuna duen farmazeutikoaren azpikontratak.
Italian aurkitutako dosiak EBk orain arte jasotakoen ia bikoitza dira, eta, 'La Stampa' egunkariaren arabera, Erresuma Batua zuen jomuga, ia 15 milioi pertsonaren bigarren dosia bermatzeko.
Kontrol-mekanismoaren aldaketa
EBko herrialdeekin dituzten salmenta-konpromisoak betetzen ez dituzten fabrikatzaileek txertoak kanpora ez esportatzeko sortutako kontrol-mekanismoa aldatuko den egunean eman dute horren berri.
Aurreikusitako aldaketen artean, mekanismo hori malgutzea dago, sinatutakoa betetzen duten baina jomuga Europar Batasuna ez duten enpresen txertoei ere heldu ahal izateko.
Orain arte, behin baino ez da erabili mekanismo hori txertoen irteera geldiarazteko, eta Italiatik Australiara bidaltzeko prestatuta zegoen AstraZenecaren partida bat blokeatzeko erabili zen.
AstraZenecak ukatu egin du Erresuma Batura zihoazenik
AstraZeneca farmazia konpainiak, bere aldetik, ukatu egin du gaur Italian aurkitutako covid-19aren aurkako txertoaren 29 milioi dosiak Erresuma Batura bidaltzeko zirenik, eta jakinarazi du EBko estatuen artean banatuko dituela 10 milioi martxoa amaitu baino lehenago.
Enpresak esan du dosi guztiak Erresuma Batura esportatzeko zirela zabaldu arren ez dela egia; izan ere, konpainiako ordezkari batek Europa Pressi azaldu dio "uneotan" ez dagoela "esportaziorik aurreikusita" Munduko Osasun Erakundearekin adostutako COVAX ekimenetik (txertoa mundu osoan zabaltzeko) kanpo.
Hala, aurkitutako 13 milioi dosi Europar Batasunetik kanpo ekoitzi omen zituzten, eta COVAXen adostutako herrialdeetara, garapen prozesuan daudenetara, bidali behar dituzte. "Txertoa EBtik kanpo ekoiztu zen eta Anagniko lantegira eraman zuten", farmazia enpresak emandako azalpenen arabera.
Gainerako 16 milioiak Europako herrialdeetan banatuko dituzte, eta 10 milioi, EBko kideen artean, martxoa amaitu aurretik, kalitate kontrolak gainditu eta baimenak jasotakoan.
Brusela eta Londres, tentsioa baretzen
Egoerak eragindako tentsioaren aurrean, Europako Batzordeak eta Erresuma Batuko Gobernuak adierazpen bateratua kaleratu dute, pandemiaren aurkako borrokan bi aldeentzat "onuragarria" izango den "harremana" bilatzeko lanean ari direla adierazteko.
"Pandemia berari egin behar diogu aurre guztiok, eta hirugarren olatuak are garrantzitsuagoa egiten du EBren eta Erresuma Batuaren arteko elkarlana", idatzi dute testuan.
"Elkarrenganako mendekotasunak direla eta, epe labur, ertain eta luzean biontzat egoera onuragarria sortzeko ekintza zehatzetan ari gara lanean, txertoa herritar guztiei helaraztea tartean", gaineratu dute.
Bruselak eta Londresek azpimarratu dute "irekitzea eta lankidetza giltzarri" izango direla birusaren aurkako borrokan eta "etorkizuneko erronketara hobeto prestatzeko".