Mundua -

ALEMANIA KONFINAMENDURA

Alemaniak konfinamendu zorrotza iragarri du Aste Santurako

Merkelek eta 16 länderrek gaur goizaldean hartutako erabakiaren arabera, apirilaren 1etik 6ra itxita egon beharko dute saltoki guztiek, eta luzatu egingo dira indarrean dauden murrizketa orokorrak.

Angela Merkel bart goizaldeko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Angela Merkel bart goizaldeko prentsaurrekoan.
Angela Merkel bart goizaldeko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako kantziler Angela Merkelek adierazi du herrialdearen egoera "oso larria" dela, eta ondorioz, herrialdeko lurralde antolaketa osatzen duten 16 Estatu federalekin batera, Aste Santurako konfinamendu zorrotza ezartzea erabaki du.

Hala, apirilaren 1etik 6ra, hau barne, itxirik egon beharko dute saltoki guztiek; janari dendak dira salbuespena, haiek apirilaren 3an ateak zabaldu ahalko baitituzte.

Helburua herrialdearen egoera epidemiologikoari aurre egitea da; izan ere, azken egunotan intzidentzia metatua nabarmen igo da, otsailaren 15eko 58,9 kasutik atzo 100.000 biztanleko 107,3 kasura igaro baita.

Lehendik indarrean ziren murrizketa orokorrak (hotelak, jatetxeak, gimnasioak eta kultur guneak ixtea, besteak beste) apirilaren 18ra arte luzatzea adostu dute, eta pertsonen arteko harremanak, bizikide ez direnen kasuan, bakar batera mugatuko da. Era berean, zazpi eguneko intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 100 kasu baino gehiagokoa den herrietan etxeratze agindua ezar dezake. Hezkuntza zentroek zabalik jarraituko dute.

Urte Zahar eta Urte Berri egunean gertatu bezala, herritarrak ezingo dira kalean bildu; jende multzoak saihestu nahi dira neurri honekin.

"Kasu kopurua esponentzialki hazten ari dela ikusten ari gara, eta uste dut Aste Santuko egun extra horiek pandemia kontrolatzeko lanean lagungarri izango direla", adierazi du kantzilerrak. Bestalde, onartu du duela hiru aste martxan jarritako deseskalatzeak "arrisku" batzuk zekartzala berarekin, eta horiek gauzatu egin direla azkenean.

PCRa herrialdean sartzeko

Merkel eta lurraldeetako liderrek, bestalde, PCR froga negatiboa aurkezteko derrigortasuna herrialdera sartu nahi duen orori zabaltzea adostu dute, edozein izanik ere haien jatorria; orain arte "arrisku eremu" izendatutako jatorrikoak soilik zeuden horretara behartuta.

Erabaki hori Mallorcako Aste Santuko oporren inguruko polemikari emandako erantzuna da; izan ere, Alemaniako agintariek Balear Uharteak arriskuko eremuen zerrendatik ateratzearekin, test eta berrogeialdi betebeharrak kenduta, nabarmen egin baitzuen gora oporraldi horien eskaerak.

Hala, kantzilerrak gaineratu duenez, herrialdera sartzeko "beharrezkoa" izango da testa aurkeztea; gaineratu du Alemaniako Gobernuak "behar-beharrezkoak ez diren bidaia guztiak" saihestea gomendatzen duela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa