Mundua -

AFRIKA

Nigerko erasoan hildakoen kopurua 137ra igo da

Nigerko Gobernuak hiru eguneko dolu nazionala ezarri du hildakoen omenez. Martxoaren 15ean Tillebery eskualdean izandako gisa bereko beste atentatu batean beste 58 zibil hil zituzten.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nigerren gutxienez 137 pertsona hil ziren igandean hiru herrixkaren aurka izandako erasoan, Nigerko Gobernuak astelehen honetan egindako azken balantzearen arabera.

Abdoulraman Zakaria Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, oraindik identifikatu gabeko pertsona batzuek eraso egin zieten inguruko herrixkei eta talde militar bat bidali dute bertara erasotzaileei aurre egiteko.

Erasotzaileak motoetan iritsi ziren erasoak egin zituzten Intazayene, Woursanat eta Bakorat herrixketara. Lehenengo bi kasuetan, animaliei ura edaten emateko putzuen inguruan gertatu ziren erasoak. Biktima gehienak barne desplazatuak omen dira.

Nigerko Gobernuak hiru eguneko dolu nazionala ezarri du gaurtik aurrera.

Gertatutakoa "federik eta legerik gabeko pertsonek egindako basakeria" dela esan du Gobernuak, AtcuNiger hedabideak jasotako informazioaren arabera.

Bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak "gogor" gaitzetsi ditu martxoaren 21ean gertatutako "atentatu mespretxagarriak". Gainera, Nazio Batuen Erakundeak konpromisoa berretsi dio Nigerri "terrorismoari aurre egiteko eta kohesio soziala sustatzeko ahaleginetan".

Sahel eskualdea eta, bereziki, Mali, Burkina Faso eta Niger arteko muga Al Qaeda eta Estatu Islamikoaren (ISIS) erasoen jomuga bihurtu da.

Martxoaren 15ean Tillebery eskualdean izandako gisa bereko beste atentatu batean 58 zibil hil zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioarteko berriak Atentatuak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zer gertatu da Nigerren?