Mundua -
NIGER
Gutxienez 40 zibil hil dituzte Nigerren izandako eraso batean
Martxoaren 15ean Tillebery eskualdean izandako gisa bereko beste atentatu batean beste 58 zibil hil zituzten.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gutxienez 40 pertsona hil zituzten atzo Nigerren, Maliko mugatik gertu dagoen Tahoua eskualdeko hiru herrixkaren aurka izandako erasoan.
Intazayene herrixkan gutxienez 16 pertsona hil zituzten, Bakoraten 18 eta Akifakifen 6.
Segurtasun iturri batek Efe albiste agentziari adierazi dionez, erasotzaileak motorretan eta ibilgailuetan iritsi ziren herrixketara eta "ihes egin aurretik nekazariei tiro egin zieten".
Iturri ofizialek, ostera, ez dute erasoen inguruan ezer esan.
Mali iparraldean finkatuta dauden talde jihadistek noizbehinka erasoak egiten dituzte Tahoua eskualdean.
Tahoua eskualde horretan bertan, Alabak herrixkan hain zuzen ere, Jeffrey Woodke misiolari estatubatuarra bahitu zuten 2016an, eta geroztik ez dute haren berririk.
2017tik larrialdi egoera ezarria dute Alabaken zein Tillianen.
Martxoaren 15ean Tillebery eskualdean izandako gisa bereko beste atentatu batean beste 58 zibil hil zituzten.