Mundua -
KORONABIRUSA
Italian konfinamendua ezarri dute berriro
Eremu gorrian dauden 40 milioi italiarrei eragingo die. Halaber, etxealdia biguntzeari ekingo diote Portugalen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gaurtik aurrera konfinamendua ezarri dute Italiako 10 eskualdetan eta Trento eskualde autonomoan. Azken 14 egunetako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 250etik gorakoa den toki horietan ikastetxeak eta funtsezkoak ez diren negozioak itxi dituzte. Hala ere, italiarrak kalera atera ahalko dira, lanera edo osasun zentrora joateko, besteak beste. Dena dela, lantokiek zabalik jarraituko dute.
Neurri hauek 40 milioi italiarri eragiten diete.
Italiako Gobernuak koronabirusaren zabalkundea kontrolatzeko murrizketak iragarri zituen ostiralean. Etxealdiak hiru aste iraungo du, martxoaren 15etik apirilaren 6ra.
Bien bitartean, eremu gorrian ez dauden Italiako gainerako tokietan bestelako murrizketa batzuk aplikatuko dira; eskolak, esaterako, irekita egongo dira. Bigarren Hezkuntzako ikasleak ikastetxeetara joan ahalko dira, baina gehienezko edukiera % 75ekoa izango da.
Konfinamendua arintzen hasi dira Portugalen
Portugalen, bestalde, konfinamendua biguntzeari ekingo diote. Gaurtik hasi eta maiatzaren 4ra bitartean, pixkanaka-pixkanaka neurriak arinduko dituzte. Horrela iragarri zuen Antonio Costa lehen ministro sozialistak ostegunean. Azken konfinamenduak bi hilabete iraun du Portugalen, eta tarte horretan dena itxi dute, funtsezko zerbitzuak salbu.
Gaur zabaldu dituzte haurtzaindegiak eta eskolak, Lehen Hezkuntzako 3. mailara arte. Ile-apaindegiek, liburu-dendek eta saltoki txikiek ere ireki ahalko dute.
Bigarren fasean, apirilaren 5etik 18ra, Lehen Hezkuntzako gainerako hiru mailak irekiko dituzte eta DBHko 1., 2. eta 3. mailako ikasleak eskolara itzuliko dira. Era berean, taberna eta jatetxeetako terrazak, museoak eta 200 metro koadrotik beherako dendak ere ireki ahalko dituzte.
Hirugarren eta azken fasea apirilaren 19an hasiko da. Orduan, oraindik falta diren ikasleak ikasgeletara itzuliko dira, kultur jarduerak martxan jarriko da eta taberna eta jatetxeen barrualdea irekiko dute.
Portugal eta Espainia arteko muga, ostera, itxita egongo da apirilaren 6ra arte.