Mundua -
Erresuma Batua
Arrazakeria dago Britainia Handiko errege etxean, Meghan Marklek salatu duenez
Sussexeko dukesak elkarrizketa batean jakinarazi duenez, haurdun zela "kezka" egon zen semeak "eduki zezakeen azal kolorearen inguruan".
E. G. | EITB MEDIA
Meghan Markle Sussexeko dukesak salatu duenez, arrazakeria dago errege etxe britainiarrean, izan ere, kontatu du haurdun zegoela "kezka" egon zela erakundearen baitan "Archieren (semea) azal kolorea iluna izan zitezkeela eta". Markle mestiza da, eta sustrai afroamerikarrak ditu.
AEBeko telebista kate bati elkarrizketa eskaini dio Marklek. Aitortu duenez, garai hartan bere buruaz beste egiteko ideia pasatu zitzaiola burutik behin eta berriz, eta horren aurrean, errege etxeak ez ziola laguntzarik eman.
"Haurdun egon nintzen hilabeteetan, kezka egon zen, elkarrizketak izan ziren Archieren azala ilunegia izango ote zen eta", adierazi du Marklek.
Dukesak argitu du Enriquek "familiarekin izan zituen solasaldietan" agertu zirela iruzkin arrazista horiek, baina ez du zehaztu nahi izan nork edo nortzuek egin zituzten, "eurentzat kaltegarria litzatekeelako".
Enrique dukea gerora batu da elkarrizketara, eta berretsi du emazteak kontatutakoa. "Meghanen umeek zelako itxura izango luketen inguruko elkarrizketak izan ziren", adierazi du, baina ez du beste xehetasunik eman nahi izan. "Ez dut inoiz elkarrizketa horri buruz hitz egingo", adierazi du Enriquek, "harri eta zur" geratu zela erantsi baino lehen.
Haurdunaldia garai txarra izan zela ere azaldu du Markek, eta Enriquerekin serio hitz egiteko beharra sentitu zuela: "Behin baino gehiagotan pasatu zitzaidan burutik neure buruaz beste egitea, oso modu argian, gainera; beldurra ematen zuen. Ez nuen bizitzen jarraitu nahi".
Laguntza eske, errege etxeko "maila goreneko pertsona batengana" jo zuen, baina erantzun ziola "ezetz", ezin ziola lagundu.
"Ez zuten ezertxo ere egin, eta konponbidea guk topatu behar izan genuen", adierazi du Marklek, errege etxetik apartatzeko eta AEBn bizimodu berri bati ekiteko erabakiari erreferentzia eginez.
Enriquek ere errege etxea uzteko erabakia defendatu du. Argudiatu duenez, "historia errepikatuko ote zen" beldur ziren, eta "babes eta ulermen falta" sumatu zituztela nabarmendu du