Mundua -
HAUTESKUNDEAK EL SALVADORREN
Bukelek gehiengo absolutua lortu du El Salvadorreko Parlamenturako hauteskundeetan
Nayib Bukele herrialdeko presidenteak garaipena ospatu du. Garaipen argi horri esker, Auzitegi Goreneko edota Fiskaltzako karguak izendatzeko erraztasun handiagoa izango du aurrerantzean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nayib Bukele El Salvadorko presidentearen alderdia buru duen koalizioak (Ideia Berriak + GANA) irabazi ditu igandean egin diren Parlamenturako hauteskundeak, Hauteskundeetako Auzitegi Gorenak botoen % 84,92 zenbatuta zabaldutako datuen arabera.
Ideia Berriak alderdiak botoen % 60 eskuratu ditu, GANAren, ARENAren eta Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen aurretik.
Nayib Bukele herrialdeko presidenteak berehala ospatu du garaipena. "Ideia Berriak + GANAk 60 diputatu baino gehiago izango dituzte Asanblea Nazional berrian. Mila esker El Salvadorko herriari. Eskerrak Jainkoari", esan du agintariak Twitterren zabaldutako mezu batean.
Parlamentuan gehiengo absolutua izateak botere politikoa sendotzea ahalbidetuko dio Bukeleri. Besteak beste, Auzitegi Goreneko edota Fiskaltzako karguak izendatzeko erraztasun handiagoa izango du aurrerantzean. Azkenaldian ika-mikak izan ditu organo horiekin guztiekin.
Hauteskundeetako Auzitegi Gorenaren esanetan, parte-hartzea % 51koa izan da, 2.748.000 pertsonak eman baitute botoa.