Mundua -
Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa 65 eta 75 urte artekoei jartzea baimendu dute Frantzian
Frantziako Gobernuak txertaketa prozesua azkartu nahi du erabaki horrekin. Horrez gain, etxeratze-agindua beste hilabetez egongo da indarrean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Frantziako Gobernuak AstraZenecaren txertoa 65 eta 75 urte arteko pertsonei jartzeko baimena eman du, Oliver Veran Osasun ministroak Le Figaro egunkarian egindako elkarrizketa batean iragarri duenez.
"Osasunaren Goi Agintaritzak ebatzi du Frantzian eskura ditugun txerto guztiak, AstraZenecarena barne, eraginkorrak direla covid-19aren aldaera larrien kontra. 50 urtetik gorako pertsona denek hartu dezakete AstraZenecaren txertoa", ziurtatu du ministroak.
Frantziako Gobernuak txertaketa prozesua azkartu nahi du erabaki horren bidez. Halaber, Emmanuel Macronek baieztatu du etxeratze-agindua gutxienez beste hilabetez egongo dela indarrean.
Azken 24 orduetan, 379 pertsona hil dira koronabirusaren eraginez eta 4.073 positibo detektatu dituzte. Pandemia hasi zenetik 86.829 heriotza izan dira eta 3.760.671 lagun kutsatu dira.
Horrez gain, 25.430 pertsona daude ospitalean covid-19aren ondorioz, horietatik 3.544 zaintza intentsiboetako unitateetan.