Mundua -

Myanmar

Errepresioak 18 hildako utzi ditu Myanmarren, estatu-kolpearen aurkako protestetan

Gainera, NBEk esan du 30 zauritutik gora eta 85 atxilotutik gora izan direla herrialdeko sei hiritan izandako manifestaziotan.

Protesta Myanmarren. Argazkia: EFE
Protesta Myanmarren.
Protesta Myanmarren. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideentzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu duenez, gutxienez 18 pertsona hil dira, 30 zauritu izan dira eta 85 pertsona atxilotu ditu Poliziak Myanmarren Estatu kolpearen kontra igandean egin diren protestetan, otsail hasieran manifestazioak hasi zirenetik egunik odoltsuenean.

NBEren agentziak esan du Myanmarko segurtasun indarrek manifestarien aurka munizioa erabili dutenaren "informazio sinesgarria" duela. Rangun, Dawei, Mandalay, Myeik, Bago eta Pokokkun izan dira protestak.

"Indarkeria gaitzesten dugu, eta Myanmarko Armadari eskatzen diogu manifestari baketsuen kontrako indarkeria erabiltzeari berehala utz diezaion", esan du Ravina Shamdasani bozeramaileak.

Otsailaren 1ean Estatu kolpea eman zutenetik, "Poliziak eta segurtasun indarrek gero eta oposizioko ahots eta manifestari gehiagori eraso die, eta funtzionario politiko, aktibista, gizarte zibileko kideak, kazetariak eta medikuak atxilotu ditu".

NBEren informazioaren arabera, Poliziak gutxienez 85 mediku eta ikasle atxilotu ditu igandean, baita manifestazioetan zeuden zazpi kazetari ere.

Guztira, Nazio Batuen ustez 1000 pertsonatik gora atxilotu dituzte nahierara azken hilabetean, eta horietako batzuek desagertuta jarraitzen dute, "iritzi, adierazpen eta biltzeko askatasuna erabiltzeagatik".

Herido en una protesta contra el golpe en Myanmar.

Zauritu bat Estatu kolpearen kontrako protestan. Argazkia: EFE

Biktima horiek Preso Politikoei Laguntza emateko Elkarteak aipatutako zortziei gehituko litzaizkieke. Zenbaketak egiaztatzen zailak dira, protestetan hedabiderik ez dagoelako, eta kolpea eman eta Aung San Suu Kyi liderra atxilotu zutenetik itzalaldi informatiboa dagoelako.

Militarrek aktibistari eta bere alderdiari leporatzen diete iazko azaroko hauteskundeetan iruzur egitea. Demokraziarako Liga Nazionalak ukatu egin du.

Errepresioa izan arren, dozenaka milaka manifestari kalera irten dira berriro militarren kontra protesta egitera. Monje budistek eta ikasleek izan dute protagonismoa. MRTV telebista publikoaren arabera, 479 manifestari atxilotu dituzte herrialde osoan larunbatean. Preso Politikoei Laguntza emateko Elkartearen arabera, 854 izan dira.

Erantzuna atzerrian

Josep Borrell Kanpo Politika eta Segurtasun Komuneko EBren Goi Mandatariak Armadaren "manifestari baketsuen" kontrako "errepresio basatia" gaitzetsi du.

"Armarik ez duten hiritarren kontra tiro eginda, segurtasun indarrek erakutsi dute Nazioarteko Zuzenbideari ez diotela errespeturik, eta kontu eman behar dute", esan du Borrellek.

"Indarkeriak ez dio demokratikoki hautatua izan den gobernu bat legez kontra uzkailtzeari legitimitatea ematen. Agintari militarrek zibilen kontra indarra erabiltzeari utzi behar diote berehala, eta herritarrei adierazteko eta biltzeko askatasuna erabiltzen utzi behar diete", esan du.

Gogorarazi duenez, EBk "bere demokrazia defendatzen ari den Myanmarko herri ausarta babesten du", eta ohartarazi du Bruselak "neurriak" hartuko dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Asia