Mundua -
MIGRAZIO KRISIA
Gutxienez 41 pertsona hil dira Mediterraneoan, ontzia hondoratuta
Ontzia ostegunean irten zen Libiatik. Gutxienez 77 pertsona bizirik erreskatatu dituzte eta Sizilian porturatu zain daude.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gutxienez 41 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan, ontzia hondoratuta, Nazioarteko Migrazio Erakundeak salatu duenez. Tartean, hiru mutiko eta lau emakume.
Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundearen Agentziak (UNHCR, ingelesez) lekukoen testigantzak aipatuz adierazi duenez, ontzia ostegunean irten zen Libiatik, 120 pertsona barruan zituela. Larunbatean hasi ziren arazoak, barruan ura sartzen hasi zenean.
"Vos Triton" ontziak 120 pertsona horietatik gutxienez 77 onik erreskatatu ditu eta Siziliako Porto Empedocle udalerrian lehorreratu zain daude.
Nazioarteko Migrazio Erakundeak eta Iheslarientzako NBEren Agentziak eskaera egin dute "Mediterraneoan errefuxiatuen eta migratzaileen bizitzak salbatzea Europar Batasunarentzat eta nazioartearentzat lehentasuna izan dadin".
Urtea hasi zenetik, gutxienez 160 pertsona hil dira Mediterraneoan.