Mundua -

koronabirusa

Birusaren aldaera berriei aurre egiteko plana aurkeztu du Bruselak

225 milioi euro bideratuko dituzte, besteak beste, farmazia enpresekin egindako kontratuak "eguneratzeko", birusaren genoma atzemateko probak azkartzeko edo entsegu klinikoetan parte hartzeko.

Laborategiko langile bat entsegu bat egiten. Argazkia: EFE
Laborategiko langile bat entsegu bat egiten.
Laborategiko langile bat entsegu bat egiten. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak (EB) egitasmo berria aurkeztu du covid-19aren aldaera berriei aurre egiteko. Planak 225 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du, eta besteak beste, honakoak izango ditu xede: farmazia enpresekin kontratu berriak izenpetu eta eguneratzea, txertoak onartzeko bidea azkartzea, birusaren genoma atzemateko testak areagotzea edo Israelen eta Suitzaren entsegu klinikoetan parte hartzea.

Erresuma Batuan, Hegoafrikan, Brasilen eta Ugandan sortutako aldaerei aurre egiteko moldaketak egin behar dituzte farmazia enpresek, eta gaur egun indarrean dauden kontratuak "eguneratzea" ekar lezake horrek. "Beharrezkoa bada, hala egingo dugu", nabarmendu du Bruselak.

Eguneratze horiek modu "zehatz eta sinesgarrian" egin behar diela uste du EBk, eta "orain arteko irakaspenak" aipatu ditu horren adibide. Izan ere, Ursula Von der Leyen EBko presidenteak berriki aitortu duenez, "baikorregiak" izan ziren txertoekin.

Bruselak lantaldea sortu du txertoen ekoizpena azkartzeko asmoz. Horren egitekoen artean egongo dira farmazia enpresekin lankidetzan aritzea botila-lepoak zeintzuk diren atzemateko eta borondatezko patente elkartrukatzea sustatzea.

Horrez gain, egitasmoak aurreikusi du hirugarren herrialdeen txertoak erabili ahal izatea, betiere Europar Batasuneko segurtasun baldintzak beteta. 

Halaber, laborategiek aldaera berriei aurre egiteko moldaketak onartzeko bidea azkartzea proposatu du EBk, Europako Sendagaien Agentziaren prozesu guztia berriro pasatu gabe. Gauza bera egiten omen da gripearen txertoarekin, azaldu duenez.

Azkenik, Bruselak nahi du egiten diren proben gutxienez % 5ean birusaren genoma sekuentziatzea aldaerak atzemateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Israel Brasil Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa