Mundua -

Impeachment

Epaiketa politikoak Trump absolbitu du, Kapitolioaren aurka egindako erasoagatik

Senatuko errepublikanoek AEBetako presidente ohia salbatu dute, eta agintaria ohia zigortzeko boto nahikoak gehitzea eragotzi diete demokratei.

AEBetako Senatua. Argazkia: EFE
AEBetako Senatua. Argazkia: EFE
AEBetako Senatua. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuak Donald Trump AEBetako presidente ohia absolbitu du. Urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurka egindako erasoagatik errugabe jo du Ganberak. Herrialdeko historian egun beltza izan zen, eta bost pertsona hil ziren.

Senatuko errepublikanoek AEBetako presidente ohia salbatu dute, eta buruzagi ohia zigortzeko boto nahikoak gehitzea eragotzi diete demokratei.

Trump zigortzearen aldeko botoa zazpi errepublikanok soilik eman dute, "matxinada bultzatzeagatik": Susan Collins, Lisa Murkowski, Mitt Romney, Ben Sasse, Bill Cassidy, Pat Toomey eta Richard Burr.

Zigorraren aldeko 57 boto eta aurkako 43 boz izan da azken emaitza. Demokratentzako ez da nahikoa izan, 67 botoko gehiengo bat behar baitzuten agintari ohia zigortzeko. Hasieratik, aurrera ateratzeko aukera gutxi zituen ekimenak, Trumpek oraindik boto-emaile errepublikanoengan eta alderdikideengan eragin handia duelako.

Trump: "'AEB berriro handi egiteko' gure mugimendu historiko, abertzale eta ederra hasi besterik ez da egin"

Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruzagiak Trump absolbitzearen aldeko botoa eman du azkenean. Alderdi barruan itzal handiko figura da. Hasieran, zigorra aztertzearen alde agertu zen.

Hala ere, McConnellek buruzagi ohia absolbitzeko asmoa zuela filtratu da goizean. Horrek seguru eragina izan du alderdikideengan.

Epaiketa politikoaren amaieran, goizean, ezustekoa izan da. Senatuak lekukoak deitzea onartu du, ordezkari demokratek, "fiskalek", proposatuta, baina, azkenean, erabakian atzera egin du Ganberak.

Absoluzioari ongietorria egin dio Trumpek, eta "AEB berriro handi egiteko" ("Make America Great Again") mugimendua "hasi besterik ez" dela egin ohartarazi du.

"'AEB berriro handi egiteko' gure mugimendu historiko, abertzale eta ederra hasi besterik ez da egin. Datozen hilabeteetan, zuokin partekatzeko asko dut, eta gure bidaia sinestezina elkarrekin egiten jarraitzea espero dut, gure jende guztiarentzako handitasuna lortzeko. Sekula ez da izan halakorik!", adierazi du agiri batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Donald Trump hesia Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa