Mundua -
Italia
Draghik onartu egin du Gobernua osatzea, eta ministro zerrenda aurkeztu du
Larunbat honetan izango da kargua hartzeko ekitaldia, 23 ministroak osatuko duten Gobernu berriarentzat.
agentziak | eitb media
Mario Draghi Italiako lehen ministro izendatuak azkenean onartu egin du kargua hartzea, eta Sergio Mattarella presidenteari ministroen zerrenda aurkeztu dio.
Bihar eguerdian izango da kargua hartzeko ekitaldia, Quirinal Jauregian, eta estatuburuak dagoeneko sinatu ditu Gobernu berriaren izendapenen dekretuak. 23 ministrok osatuko dute Gobernua, eta horietako 15 politikariak dira, eta 8, teknikariak.
Egungo sei ministrok beren postuetan jarraituko dute, tartean Roberto Speranza Osasun ministroak, Luigi Di Maio Atzerri ministroak eta Luciana Lamorgese Barne ministroak. Teknikarien kasuan, Marta Cartabia Auzitegi Konstituzionaleko epaileak Justizia Ministerioaren ardura hartuko du.
Giuseppe Conteren koalizio gobernuak porrot egin zuen koalizio barruko zatiketarengatik, Matteo Renzi Italia Biziaren buruzagiak Europako funtsen erabileraren inguruan desadostasunak agertu eta bere ministroak gobernutik atera ostean. Conteren Gobernua gutxiengoan geratu zen horrela.
Conte babesten zuten alderdiekin gobernu berria osatzea zen Mattarellaren lehenengo aukera, baina saiakerek porrot egin zuten. Mattarelak, orduan, Draghiri eskatu zion gobernu teknokrata bat osatzea, 2011n Mario Montirekin gertatu zen bezala.