Mundua -

ESTATU-KOLPEA

Hirugarren greba eguna dute Myanmarren, militarren estatu-kolpearen aurka

Hirugarren egunez jarraian, milaka pertsona atera dira kalera otsailaren 1ean boterea indarrez hartu zuen armadaren kontra.

Manifestariak Poliziaren ibilgailua inguratzen, Naypyidaw hirian. Argazkia: EFE
Manifestariak Poliziaren ibilgailua inguratzen, Naypyidaw hirian
Estatu-kolpearen aurkako greba eguna, Myanmarren

1:20

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren egunez jarraian, greba eguna dute gaur Myanmarren, otsailaren 1ean estatu-kolpea eman zuten militarren aurka.

Greba orokorrerako deialdia jarraipen handia izaten ari da Yangon hiriburu historiko eta komertzialean, herrialdeko hiririk handienean. Hirugarren egunez, milaka pertsona kalera atera dira bertan, duela astebete estatu-kolpea eman zuten militarren kontra protesta egiteko. Armadari eskatu diote azaroko hauteskundeetako emaitzak errespetatu (NLD Demokraziarako Liga Nazionalak garaipen argia eskuratu zuen) eta atxilotutako buruzagiak askatzeko (besteak beste, Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridun eta herrialdeko burua eta Win Myint presidentea).

Hainbat erakundek langileei egindako deialdiari erantzunez, hiria ia erabat gelditu da. Milaka pertsona bildu dira alde zaharrean, trafikoan arazoak eraginez. 

Greba jarraipena izaten ari da zenbait ministeriotan, Kanpo Arazoetako Ministerioan, esaterako. Funtzionarioak eta kargudunak desobedientzia zibileko mugimenduarekin bat egiten hasi dira, Efe albiste agentziak jakitera eman duenez.

Hasiera batean hiriko banketxeak martxan zeuden arren, langile gutxi bertaratu direnez, asko eta asko itxi egin behar izan dituztela jakitera eman du bertako prentsak.

Naypyidaw hiriburu administratiboan, milaka pertsona elkartu dira ministerioen inguruan. Poliziak, lehen aldiz, ur-kainoiak erabili ditu manifestarien aurka, 30 minutuz.

Orain arte, segurtasun indarrek ez dute manifestarien aurka egin. Protestagileek, ostera, Poliziari aurre egitea saihestu dute.

Desobedientzia zibileko mugimendua osasun langileen lanuzteekin hasi zen, eta hortik herrialde osora zabaldu da. Lehenengo manifestazioak larunbatean izan ziren, eta, kalkuluen arabera, 10.000 pertsona baino gehiago bildu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Asia albisteak