Mundua -
Myanmar
Myanmarko Gobernuak Facebooken blokeoa agindu du
Militarren gobernuak zenbait sare sozial itxi izanak nahasmena sortu du, bai herrialdean bertan, bai nazioartean.
EITB MEDIA
Astelehenean militarrek Myanmarko Gobernua euren esku hartu ostean, gobernu militarrak Facebookeko sarbideak blokeatzeko agindua eman die telekomunikazio-enpresei, nahiz eta haren aurkako protestak etengabekoak izan diren. Agindu hori ostegunean hasi da betetzen, kolpearen kontrako desobedientzia zibila eta mobilizazioak egunerokoak izan arren. Telekomunikazio-enpresek hainbat sare sozial itxi arren, Facebookekin gertatutakoak garrantzia handiagoa du, herrialdeko 54 milioi biztanleetatik 22 milioik erabiltzen dutelako.
Estatuak ezarritako neurrien kontrako iritzia agertu du Facebookek, eta agintariei jarrera aldatzeko eskatu die: “Konektibitatea berrezartzeko eskatzen diegu agintariei, Myanmarko biztanleek senideekin eta lagunekin komunikatzeko, eta informazio garrantzitsua eskuratzeko aukera izan dezaten”. Mundu osoan komunikazio informatikoen sarbideak kontrolatzen dituen NetBlocks konpainiak baieztatu egin du sare sozialak itxi dituztela, eta Gobernuak kontrolatzen duen MTP operadoreak Instagram eta Messenger ere blokeatu dituela adierazi du.
Egoitza nagusia Norvegian duen Telenor konpainiaren arabera, militarrek ezarritako neurriak ez datoz bat giza eskubideak babesten dituen nazioarteko zuzenbidearekin, baina neurri horiek beteko dituela azpimarratu du.
Hala ere, hori ez da izan gobernu militarrak eragindako polemika bakarra; izan ere, militarrek hainbat atxiloketa egin dituzte, besteak beste, Mandalay hirian eta Yangon hiriburuan egindako protestetan. Horrez gain, astelehenean, militarrek salbuespen-egoera ezarri ondoren, Aung San Suu Kyi estatu-kontseilaria eta Win Myint presidentea kartzelatu egin zituzten.