Mundua -

ESTATU-KOLPEA

Suu Kyik eta Myanmarko presidenteak kartzelan segituko dute, gutxienez beste bi astez

Asteleheneko estatu-kolpearen ostean atxilotu zituzten eta militarrek ez dute zehaztu non dauden. Gainera, Armadak 400 pertsona inguru askatu ditu, NLD alderdiko kideak barne.

Aung San Suu Kyi politikaria eta Min Aung Hlaing Armadako jenerala. Artxiboko argazkia: EFE
Aung San Suu Kyi politikaria eta Min Aung Hlaing Armadako jenerala
Aung San Suu Kyi politikaria eta Min Aung Hlaing Armadako jenerala. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Myanmarren, Aung San Suu Kyi buruzagi eta Bakearen Nobel saridunak eta Win Myint gobernuko presidenteak behin-behineko espetxealdian jarraituko dute gutxienez beste bi astez, otsailaren 15era arte. Astelehenean militarrek emandako estatu-kolpearen ostean atxilotu zituzten eta militarrek ez dute zehaztu non dauden.

Estatu-kolpearen ondotik agintean dauden buruzagi berriek Aung San Suu Kyiren eta Win Myinten aurkako karguak aurkeztu dituzte.

NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko bozeramaileak Facebookeko bere kontuan jakinarazi duenez, ustez Esportazio eta Inportazio Legea urratzea leporatu diote Suu Kyiri, legez kanpoko komunikaziorako gailuak izateagatik. Zehazki, bederatzi 'walkie talkie' dira, ustez Suu Kyiren segurtasun pribatuko taldearenak direnak, eta buruzagiak Naipido hiriburuan duen etxean aurkitu omen dituzte. Errudun jotzen badute, hiru urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete, The Irrawaddy egunkariaren arabera.

Win Myinti, berriz, koronabirusari aurre egiteko ezarritako murrizketak urratzea egotzi diote. Antza denez, azaroko hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi batean 760 pertsona elkartu ziren, nahiz eta baimendutako gehienezko edukiera 50 pertsonakoa izan. Errudun jotzen badute, hiru urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.

Bestalde, Armadak 400 pertsona inguru askatu ditu, NLD alderdiko kideak barne, Kiodo News atariak jakinarazi duenez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Asia azken ordukoa