Mundua -
Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa 65 urtetik gorakoei ez emateko aholkatu du Alemaniak
"Gaur egun ez dago nahikoa daturik txertoak 65 urtetik gora izan dezakeen eraginkortasunaren inguruan", adierazi du Angela Merkelen Gobernuaren aholkulari batzordeak.
agentziak | eitb media
AstraZenecak eta Oxford Unibertsitateak covid-19ari aurre egiteko garatu duten txertoa 65 urtetik gorakoei ez emateko gomendatu du Alemaniako Gobernuaren txertoei buruzko aholkulari batzordeak, ez dagoelako "nahikoa daturik".
Alemaniako Robert Koch Institutuko Txertaketa Batzorde Iraunkorrak (STIKO) ohar batean azaldu duenez, "gaur egun ez dago nahikoa daturik txertoak 65 urtetik gorakoekin izan dezakeen eraginkortasunaren inguruan".
"AstraZenecaren txertoa, mRNA txertoak ez bezala, 18 eta 64 urte artekoei soilik eman behar zaie", erakundearen arabera. Bestalde, Pfizerren eta Modernaren txertoak "segurtasun eta eraginkortasun arloetan parekoak" direla azpimarratu du.
Alemaniako batzordearen ebazpena ez da loteslea, baina Emer Cooke Europako Sendagaien Agentziaren zuzendariaren adierazpenen ostean iritsi da. Izan ere, Cookek esan du AstraZenecak txertoaren eraginkortasunaren inguruan emandako datuen arabera "oso gutxi" direla adinekoei egindako probak.