Mundua -

Migrazioa

3.000 familia migratzaile banandu zituen programa bertan behera utzi du AEBk

Aurrerapenak egin diren arren, gaur-gaurkoz 661 haur daude oraindik gurasoengandik urrunduta.

Indarrez banandutako haurren irudiek munduari bira eman zioten. Argazkia: ANSA
Haur migratzaileak
Indarrez banandutako haurren irudiek munduari bira eman zioten. Argazkia: ANSA

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak bertan behera utzi du ofizialki 3.000 familia baino gehiago banandu zituen "zero tolerantzia" programa. Hala, auzitegi federalak eta familia horien banantzea saihestuko dira, muga zeharkatzeagatik delitu arinak egiten dituztenentzat. Aitzitik, muga legez kanpo zeharkatzen dutenak deportatzeko aukera ez da desagertu.

“Zero tolerantzia” programaren arabera, muga irregularki zeharkatzen duen edonor auzipetu dezakete.

Ondorioz, milaka haur aldendu zituzten gurasoengandik, horiek auzipetu ostean. Programa hori 2018. urteko apiriletik ekainera bitartean egon zen indarrean.

Indarrez banandutako haurren irudiek munduari bira eman zioten, eta, ondorioz, Trumpek amore eman zuen eta gurasoak eta seme-alabak bereiztea amaitzeko agindu exekutibo bat sinatu zuen. Halere, “zero tolerantzia” programak indarrean jarraitu zuen.

Halaber, Monty Wilkinson Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusiak gutuna bidali die fiskalei, "zero tolerantzia" aplikatu beharrean, beste faktore batzuk kontuan izatea eskatuz.

Wilkinsonen aburuz, kontuan izan behar dira auzipetuaren egoera pertsonala, aurrekari penalak, delituaren larritasuna edota balizko zigorrak izan ditzakeen ondorioak.

Sendatu gabeko zauriak

Trumpek haur horien banantzea debekatu zuen agindua onartu arren, gaur-gaurkoz ehunka dira bananduta jarraitzen dutenak.

AEBko Administrazioaren kontrako salaketa jarri zuten zerbitzu legalen arabera, 661 haur daude oraindik gurasoengandik bereizita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Justizia Unibertsala Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Latinoamerika Donald Trump hesia Umeak Giza eskubideak Joe Biden