Mundua -
KORONABIRUSA
Rio de Janeiroko inauteriak bertan behera utzi dituzte
Inauteriek 2,1 milioi bisitari izan zituzten 2020an. Aurten, 2021eko otsailerako aurreikusita zeuden eta uztailera atzeratu zituzten, baina, azkenean, ez dira ospatuko.
EITB MEDIA
Rio de Janeirok bertan behera utzi ditu 2021eko inauteriak, antolatzaileek oso denbora gutxi dutelako jaia datorren uztailerako antolatzeko. Ohiko desfileak uztailera atzeratzeko erabakia hartu ondoren hartu dute azken erabaki hori.
"Inoiz ez dut ezkutatu inauterienganako grina eta gure hiriarentzat adierazpen kultural honek duen garrantziaz dudan pertzepzio argia, baina zentzurik gabekoa iruditzen zait uztailean inauteriak egiteko baldintzak ditugula imajinatzea orain", azaldu du Eduardo Paes alkateak Twitterren.
Rioko inauteriak otsailerako aurreikusita zeuden, baina, pandemiaren ondorioz, samba eskolek (desfileen arduradunak) festa uztailera arte atzeratzea erabaki zuten, garai horretarako txerto bat eta immunizazio kanpaina aurreratu bat egonez gero.
Paesek azaldu duenez, bertan behera uzteak hiriari galerak eragingo dizkio, baina inauterien tamaina handiko ekitaldi bat nekez antolatzen da sei hilabetean. "Ospakizun honek organo publikoen, sambarekin lotutako gremioen eta erakundeen prestakuntza handia eskatzen du, eta gaur egun ez dago hori egiterik", adierazi du uztailera atzeratutako inauteriak bertan behera uzteko erabakiaren berri eman duenean.
Alkatetzak aurretik esana zuen beldur zela inauterien mailako jai batek sortzen dituen pilaketek Brasilgo osasun egoera larriagotuko ote zuten; izan ere, covid-19agatik heriotza gehien izan dituen bigarren herrialdea da Brasil (213.000 hildako), AEBren atzetik, eta kutsatze gehien dituen hirugarrena (8,7 milioi kasu), AEBren eta Indiaren atzetik.
Brasilgo hiriko alkateak adierazi duenez, 2022an, seguruenik inauterietako protagonistek eta jaiaz gozatzeko bidaiatzen duten turistek covid-19aren aurkako txertoa jarrita dutenean, "merezi dugun intentsitate guztiarekin ospatuko dugu bizitza eta gure kultura".
Paesen arabera, proiektu alternatiboak abiatzeko eskatu die udal erakunde arduradunei, 2021ean bizimodua ateratzen eta gutxieneko errenta bat lortzen laguntzeko Inauterietako festetatik bizi diren herritarrei.
Inauteriak
Inauteria Rioko ekitaldi turistiko nagusia da, eta 900 milioi dolarreko diru-sarrerak utzi zituzten 2,1 milioi bisitari erakarri zituen iaz, 483.000 atzerritar tartean.
Rio de Janeiroko samba eskolek azaroan iragarri zuten otsailerako aurreikusitako desfile tradizionalak bertan behera utzi eta 2021eko uztailean egingo zituztela, baina txertoa izanez gero. Kaleetan zehar desfileak eginez milioika pertsona erakartzen dituzten konpartsek ("bloko" izenarekin ezagutzen dira) ere baldintza bat jarri zuten desfilatzeko: txertoa izatea eta immunizazio kanpaina aurreratua egotea.
Rioko Inauterietako Talde Bereziko samba eskolen desfileetan (mundu osoan aire librean egiten den ikuskizunik onena eta jaiaren erakargarritasun nagusia), bi gauetan 145.000 ikusle biltzen dira Sambodromoan, eta hori 14 taldeetako 5.000 kideak eta ekitaldirako behar diren milaka pertsonak zenbatu gabe.
Baina jende-pilaketak eta zuzeneko kontaktuak arriskutsuagoak dira blokoen desfileetan, milioika pertsonak jarraitzen baitituzte horien musika bandek kaleetatik doan egiten dituzten desfileak.