Mundua -
Pandemiaren ostean
Bigarren erreferendumarentzako planak Eskozian, SNPk maiatzean irabazten baldin badu
Inkesten arabera, SNPk gehiengo osoa lortuko du. Holyroodeko Parlamentuaren 129 ordezkarietatik 70 bereganatuko lituzke alderdi abertzaleak.
E. L. | EiTB Media
Nicola Sturgeon lehen ministroaren Eskoziako Alderdi Abertzaleak (SNP) beste independentzia erreferendum bat aurkezteko egitasmoa aurkeztu du bere batzar nazionalean, beti ere maiatzeko hauteskundeetan nagusitzen baldin bada.
Edinburgoko Parlamenturako hauteskundeetan garaipena lortzeko faborito nagusia da SNP. Alderdi abertzaleak bigarren galdeketa bat egin nahi du, covid-19aren pandemia atzean utzi ondoren, eta Holyroodeko Ganberan gehiengo abertzalea baldin badago.
Egitasmoak aurrera egiten baldin badu, bigarren independentzia erreferenduma izango litzateke. Aurrena 2014ko irailean egin zuten. Eskoziarrek independentziaren aurkako erabakia hartu zuten orduan, baina oso bozketa estuan.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Eskoziari erreferenduma deitzeko aukera ukatu dio dagoeneko. Hala ere, aurrera ateratzeko, Westminsterreko Parlamentuaren oniritzia behar du galdeketak.
SNPren batzarrak bilera birtuala egin du igande honetan. Aurkeztutako planaren arabera, 1998ko Eskoziako Itunaren 30 sekzioari bide ematea eskatuko dio Edinburgok Erresuma Batuko Exekutiboari, normalean Londresi dagozkion legeak Holyroodek aurrera eraman ahal izateko.
Eskakizuna onartzen baldin badiote, SNPk bigarren erreferendum deialdia onartzeko lege-proiektua aurkeztuko luke Edinburgoko Parlamentuan.
Mikel Russell Eskoziako Gobernuaren Konstituzio gaietarako arduradunak gaur adierazi duenez, “eskaera atzera botatzeko justifikazio demokratikorik ez dago”. Londresek onartzen ez baldin badu, Erresuma Batuari eta nazioarteari begira egoera “jasanezina” izango litzateke, erantsi duenez.
“Legezko erreferendum bat nahi dut, maiatzean boto-emaileen baimena bilatuko dut, baimena ematen baldin badidate, horixe egingo dut, legezko erreferendum bat, gizarteari erabakitzeko eskubidea emateko”, esan du Nicola Sturgeon SNPko buruzagiak eta lehen ministroak BBC telebistan.
Russellen hitzetan, bi aldeen arteko akordioaren arteko apustua egiten jarraitzen du SNPk.
Maiatzeko hauteskundeak egiteko 100 egun falta dira oraindik. The Times egunkariak argitaratu duenez, inkesten arabera, SNPk gehiengo osoa lortuko du. Holyroodeko Parlamentuaren 129 ordezkarietatik 70 bereganatuko lituzke. Gainera, Alderdi Berdeak (erreferendumaren aldekoa ere) beste hamar ordezkari lortuko lituzke. Beraz, galdeketaren aldeko 80 ordezkari izango lirateke Ganberan.