Mundua -
SARE SOZIALAK
Bidenen mezu "itxaropentsua" eta Trumpen agurra Twitterren
Estatu Batuetan egun historikoa zen, eta #InaugurationDay traolarekin milaka iruzkinek bete zuten Twitter sare soziala.
Espero zen bezala, Joe Bidenen (AEBetako presidente berria) kargu-hartzearen ekitaldiak mundu osoko hedabideen arreta bereganatu zuen atzo. Estatu Batuetan egun historikoa zen, eta Twitterreko milaka erabiltzaileren iruzkinek #InaugurationDay traolarekin josi zuten Twitter sare soziala.
Presidente berriaren lehen hitzaldia, Lady Gagaren Estatu Batuetako ereserkiaren interpretazioa eta Jennifer Lopezek gaztelaniaz eman zuen mezu inklusiboa izan zituen, besteak beste, protagonista. Protagonistek aukeratu zuten estilismoan ere jarri ziren begiradak.
Joe Bidenek AEBetako 46. presidente kargua hartu zuen 11:00etan (Washingtongo ordua). Une horretan, Jill emazteari eskerrak emateko bideo bat partekatu zuen Twitterreko bere kontuan.
Askok txalotu zuten Bidenen lehen hitzaldia sare sozialetan. "Itxaropena", "batasuna", "promesa" edo "garai berriak" izan ziren Twitterren gehien errepikatu ziren hitzak, Donald Trumpek zuen estilo eta erretorikarekin alderatuta, analista politiko askoren ustez, oso bestelakoa. Hala ere, aurkako mezu asko ere argitara eman ziren eta zenbaitek presidente berria "arrazistatzat" eta "gezurtitzat" jo zuten.
Kargu hartzearen ondoren, Washingtonen ikuskizunak jarraitu zuen. Lady Gaga abeslari ospetsuak ereserki nazionala abestu zuen, eta askok "une historikoa" izan zela nabarmendu zuten Twiterren, abeslariak LGBT komunitatea babesten baitu. "Oso hunkigarria" edo "oilo ipurdia", zioten jarraitzaile batzuek. Abeslariak bakearen uso handi bat zeraman soinean, eta Interneten asko hitz egin zen horri buruz.
Ez ziren oharkabean pasatu Hilary Clinton, Kamala Harris eta Michelle Obamaren jantziak; izan ere, kolore morea aukeratu zuten, askok kolore gorriaren eta urdinaren arteko nahasketa bezala interpretatu zutenak, bipartidismoa irudikatzen duena, baita feminismoa ere.
Jennifer Lopezek ere ekitaldian parte hartu zuen, eta musika pieza batekin gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Gainera, "Nazio bat, Jainkoaren azpian, zatiezina, guztiontzako askatasun eta justiziarekin!" esaldia ohiukatu zuen gaztelaniaz.
Katy Perryk eman zion amaiera zeremoniari. Bere ibilbideko arrakastarik handienetako bat interpretatuz egin zuen, 'Firework', zerua su artifizialez betetzen zuen emanaldi ikusgarri batekin batera. Ikuskizunaz asko hitz egin zen Twiterren.
Trumpen agurra
Ordu batzuk lehenago, Donald Trump presidente ohiak Etxe Zuriari agur esan zion, "nolabait itzuliko gara" esanez, eta berehala memeak bata bestearen atzetik heldu ziren Twitter sare sozialera.
Hala ere, zenbaitek onartu zuten presidente ohiaren hitzaldia "hunkigarria" izan zela eta "bihotzera" iritsi zitzaiola.
Bidenen kargu hartzean parte hartu ez arren, Donald Trumpek tradizioa bete zuen eta presidente berriari gutun bat utzi zion. Bidenez, lehen dekretuak sinatu ostean, Trumpek utzitako gutuna "oso eskuzabala" izan zela esan zuen.