Mundua -

Herbehereak

Herbeheretako Gobernuak dimisioa eman du laguntza “hartzaileak kriminalizatu” ostean

Seme-alaba bakoitzeko zegozkien diru-laguntza barik geratu ziren 20.000 bat familia. Rutteren Gobernuak jardunean jarraituko du martxoko hauteskundeetara arte.

Mark Rutte Herbeheretako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Mark Rutte Herbeheretako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Mark Rutte Herbeheretako lehen ministroa. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru-laguntzen inguruko eskandalu baten ondorioz dimisioa eman du Herbeheretako Gobernuak. Familia ugari dirua itzultzera behartu zituzten, justifikaziorik gabe iruzurra egotzi ondoren.

Lodewijk Asscher buruzagi sozialdemokratak dimisioa eman zuen ostegunean, ministro izan zen garaian egindako hanka-sartzeengatik. Teorian seme-alaba bakoitzeko zegozkien diru-laguntza barik geratu ziren 20.000 bat familia, horietako asko atzerritarrak.

Ostiral honetan gertatu beharrekoa aurreratu zuen Asscherren dimisioak, Gobernu osoaren dimisioa, alegia. Exekutiboaren barkamen eskaera publikoarekin eta familia kaltedun bakoitzari 30.000 euroko kalte-ordaina ematearekin ez zen nahikoa.

Ministroen Kontseilua bildu baino lehen, ministro batzuek irtenbide bakarra zela adierazi dute. “Estatuan konfiantza berreskuratzea beharrezkoa da”, esan du Sigrid Kaag Atzerri Merkataritza ministroak, DPA albiste-agentziaren arabera.

Rutte: "Nazioaren mesedetan beharrezkoa egitea espero dute herritarrek"

Bilera amaitu ondoren, Ruttek agerraldia egin du dimisioa baieztatzeko. Pertsona errugabeak kriminalizatu izana deitoratu du lehen ministroak, hanka-sartzeen erantzukizun “osoa” onartuz. “Nazioaren mesedetan beharrezkoa egitea espero dute herritarrek”, azpimarratu du, bertako komunikabideen arabera.

Hauteskundeak egiteko bi hilabete falta dira oraindik, martxoaren 17an egitekoak baitira. Rutteren alderdia (VVD) faborito nagusia da inkestetan. Hala ere, alderdi politikoko buruzagi gisa dimisioa ematea baztertu du Ruttek.

Gerta ahala gerta jardunean jarraitu behar duela aurreratu zuen lehen ministroak dagoeneko, besteak beste, covid-19 pandemian erdian hutsunerik ez uzteko. “Koronabirusaren kontrako borrokak jarraituko du”, errepikatu du prentsaurrekoan, Guillermo erregearekin bildu baino lehen.

Monarkak dimisioa aztertuko du orain, eta printzipioz, jardunean mantentzeko eskatuko dio Gobernuari, martxoko hauteskundeak egin bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Herbehereak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak DSBE