Mundua -

DOKUMENTAZIOA

Donald Trumpen aurkako bigarren epaiketa politikoaren balizko ondorioak

Senatuak Trump kondenatuko balu ezingo luke 2024ko hauteskundeetara aurkeztu eta biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea galduko luke.

Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak Senatuan Donald Trump jarduneko presidentearen aurkako bigarren epaiketa politikoa ("impeachment") abiatzea erabaki zuen 2021eko urtarrilaren 13an.

Itxura guztien arabera, epaiketa ez da amaituko Donald Trumpek hilaren 20an Etxe Zuria utzi baino lehen. Dena dela, laster demokraten esku egongo den Senatuak kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri ahalko dio. Inhabilitatuz gero, ezingo luke 2024ko hauteskundeetara aurkeztu, eta, gainera, presidente ohi gisa dagokion biziarteko pentsioa (220.000 dolar urtean) galduko luke.

Ezingo luke presidentegai izan 2024ko hauteskundeetan

Donald Trumpek bere agintaldia amaitzen badu ere, haren kontrako epaiketa politikoan Senatuak errudun joz gero, kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri ahalko dio eta ezingo du 2024ko hauteskundeetara aurkeztu. Halaber, presidente ohiek dituzten beste pribilegio batzuk izateari ere utziko lioke.

Dena dela, prozesua ez da erraza. Senatuak epaiketa politikoa onartuz gero (bi herenen babesa behar da horretarako), bi ganberek presidente kargutik kentzearen alde bozkatu beharko lukete. Aurrekaririk gabeko erabaki hori hartzeko ere gehiengo zabala (bi herenak) behar da goi ganberan.

Bestalde, bigarren bozketa batean kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri ahal diote. Kasu horretan, gehiengo sinplea nahikoa da. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Trumpek ezingo luke 2024ko hauteskundeetara aurkeztu.

Biziarteko pentsiorik gabe

Gainera, AEBko presidente ohiek biziarteko pentsioa jasotzeko duten eskubidea galduko luke Trumpek (200.000 dolar baino gehiago urtean).

Pentsioa ez ezik, presidente ohiek bidaietarako duten aurrekontua ere galduko luke, eta ez luke presidente ohiek izan ohi duten ez bulego ez laguntzailerik izango.

Aitzitik, Trumpek Zerbitzu Sekretuen babesa izango du bizi den artean, estatuburu izan delako.

Edozein kasutan, Trumpek balizko erabaki horien guztien aurkako helegitea jarri ahalko du epaitegietan eta Auzitegi Gorenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Ameriketako Estatu Batuak bideoak Hauteskundeak AEB 2024 Albisteak Gaur Eguneko albisteak Trump gaur