Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

AEBko Kongresuak Trump epaitzea erabaki ostean, Senatuaren esku dago auzia

Hala ere, ez dirudi urtarrilaren 20a baino lehen berriro ekingo diotenik AEBko egungo presidentea kargugabetzeko prozesuari. Orduan hartuko du kargua Joe Biden presidente hautatuak.

Donald Trump AEBko egungo presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko egungo presidentea
Donald Trump AEBko egungo presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak Donald Trump jarduneko presidentearen aurkako bigarren epaiketa politikoa abiatzea erabaki ostean, orain Senatuan izango du jarraipena. Dena dela, zaila dirudi Joe Biden presidente hautatuak kargua hartuko duen egunaren aurretik (urtarrilak 20) epaiketa berriro abiatzea.

Gaur-gaurkoz, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak ez du Senatura bidali epaiketa politikoari buruzko dokumentazioa. Pauso hori behar-beharrezkoa da kargugabetze prozesuak Senatuak jarraitu dezan.

Hala ere, Diana DeGette Ordezkarien Ganberako prozesuaren arduradunetako bat denak ostegun honetan azpimarratu duenez, Senatuko epaiketaren plangintza "atariko fasean" dago oraindik.

Gauzak horrela, ez dirudi hilaren 20a baino lehen epaiketa berriro abiatuko denik. Orduan hartuko du kargua Joe Biden presidente hautatuak eta bezperara arte etenaldian dago Kongresua.

Epaiketak ez du Trumpen kargugabetzea eragingo, ordurako Biden presidente hautatua izango delako Etxe Zurian. Hala ere, epaiketan errudun jotzen badute kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri ahal diote eta ezin izango du 2024eko hauteskundeetara aurkeztu.

Horrez gain, biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea galduko du (220.000 dolar urtean), baita ohoredun hileta bat izateko edota Arlingtongo Hilerri Nazionalean lurperatua izateko eskubidea ere.

Senatuan kondenatua izateko, ordea, gehiengo zabala ezinbestekoa da (senatarien bi heren). Hori horrela izan dadin 17 senatari errepublikanok Trump zigortzearen alde bozkatu beharko lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Hauteskundeak AEB Albisteak Gaur Eguneko albisteak Donald Trump Albisteak Melania Trump Donald Trump hesia