Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Pence presidenteordeak ez du Trump kargugabetzeko 25. emendakina aktibatuko
AEBko presidenteordeak Trump kargutik kentzeko prozedura abiatzeari uko egin ondotik, Ordezkarien Ganberak egungo presidentearen aurkako epaiketa politikoa abiatuko du, bigarrena bi urtean.
O.A. | EITB MEDIA
Mike Pence Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteordeak uko egin dio Konstituzioaren 25. emendakina aktibatzeari Donald Trump presidentea kargutik kentzeko.
Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari zuzendutako eskutitz batean Mike Pence presidenteordeak azaldu duenez, Joe Biden AEBko presidente hautatuak kargua hartzeko "zortzi egun" falta diren honetan ez da hori herrialdeak behar duena, eta zalantzan jarri du Konstituzioarekin bateragarria den ere. "Aurrekari arriskutsua litzateke", gaineratu du.
Penceren ezezkoaren ostean, Ordezkarien Ganberak Trumpen aurkako epaiketa politikoa (impeachment-a) abiatzeko bozketa egin du. Jamie Raskin demokratak aurkeztutako ebazpenak aldeko 223 boto eta kontrako 205 boto jaso ditu.
Kongresuak ezin duenez Pence behartu Trump kargutik kentzera, asteazken honetan AEBko egungo presidentearen kontrako epaiketa politikoa abiatuko du Ordezkarien Ganberak. Bi urtean Trumpen aurka egingo den bigarren epaiketa politikoa izango da.
Orain arte bost dira epaiketa politikoaren alde agertu diren kongresukide errepublikanoak. Horietako batek, Liz Cheneyk (Kongresuko hirugarrena), Kapitolioko erasoa eragin zuen sua "piztea" egotzi dio Trumpi.