Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
AEBko Segurtasun Nazionalerako idazkariak dimisioa eman du
Urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurkako erasoa izan ondoren, Donald Trumpen administrazioan dimisioa eman duen azken goi-karguduna da.
O.A. | EITB MEDIA
Chad Wolf Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako idazkariak dimisioa aurkeztu du, Donald Trump presidenteak Etxe Zuria utzi eta Joe Biden presidente hautatuak kargua hartu baino bederatzi egun lehenago.
Dimisioa astelehenean gauzatuko da, Segurtasun Nazionalerako Departamentuko iturriek The Hill egunkariari jakinarazi diotenez.
Urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurkako erasoa izan ondoren, Donald Trumpen administrazioan dimisioa eman duten goi-kargudunen zerrenda luzera gehitu den azkena da. Elaine Chao Garraio idazkaria eta Betsy DeVos Hezkuntza idazkaria izan dira horren aurretik dimititu duten azkenak.
Wolfek urtebete zeraman Segurtasun Nazionalerako idazkari karguan jardunean; izan ere, Trumpek abuztuan proposatu zuen kargu horretarako, baina Senatuak ez du berretsi. Joan den astean, ostera, Etxe Zuriak erretiratu egin zuen izendapena.