Mundua -

KORONABIRUSA

MOEko adituek Txina bisitatuko dute aste honetan birusaren jatorria bilatzeko

2020ko otsailean eta uztailean bisitatu zuten Txina asmo horrekin, baina misioa antolatzeko hainbat hilabete behar izan dituzte eta sekretismo handia egon da horren inguruan.

Teknikariak datorren ostegunean, urtarrilaren 14an, iritsiko dira. Argazkia: EITB MEDIA.
Wuhan
Teknikariak datorren ostegunean, urtarrilaren 14an, iritsiko dira. Argazkia: EITB MEDIA.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu Osasun Erakundeko (MOE) "nazioarteko aditu talde batek" Txina bisitatuko du aste honetan, covid-19aren pandemia eragin duen SARS-CoV-2 koronabirusaren jatorriari buruzko ikerketa bat egiteko, Asiako herri horretako Osasun Batzorde Nazionalak baieztatu duenez.

Erakundeak prentsa-ohar labur batean iragarritakoaren arabera, MOEko teknikariak datorren ostegunean, urtarrilaren 14an, iritsiko dira Txinara, eta bertako zientzialariekin "elkarlanean" arituko dira ikerketa horietan.

Batzordeak ez du zehaztu adituak nora joango diren; izan ere, Txinara iristeko aukerak polemika piztu du azken asteetan, Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak "desengainua" hartu duela adierazi ostean, baina Txinako agintariek ukatu egin dute eragozpenik jarri izana.

Taldeko zenbait kide urteko lehen egunetan hasi ziren Txinara bidaiatzen, baina Tedrosek deitoratu zuen Pekinek ez zituela "beharrezko baimenak" eman Asiako herrialdera sartzeko, 2019ko abenduko azken egunetan Wuhan erdialdeko eta ekialdeko hirian mundu mailako lehen covid agerraldia erregistratu baitzuen.

Misio hori "lehentasunezkoa" da MOErentzat, eta nazioarteko hainbat erakundetako zientzialariek osatuko dute; AEB, Japonia, Errusia, Erresuma Batua, Herbehereak, Danimarka, Australia, Vietnam, Alemania eta Qatarkoak, besteak beste.

Helburua SARS-CoV-2 koronabirusaren balizko animalia-jatorria eta gizakiari transmititzeko kanalak aurkitzea da. Hasierako teoria Wuhanen produktu freskoen eta animalien merkatu baten bidez zabaldu zela izan arren, Txinako prentsa ofizialak narratiba alternatibo bat bultzatu du azken hilabeteetan, agerraldia beste herrialde batzuetatik etorritako elikagai izoztuek eragin ahal izan dutela zabaltzeko.

MOEko adituek otsailean eta uztailean Txina bisitatu zuten arren (xehetasun handirik eman gabe), misioa antolatzeko hainbat hilabete behar izan dituzte eta sekretismo handia egon da horren inguruan, bai erakunde horren aldetik, bai Txinako agintarien aldetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Osakidetza Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea