Mundua -
AEB
Boto-emaile errepublikanoen ia erdiek Kapitolioa hartzeko saiakera babesten dute
Alderdi Errepublikanoaren hiru jarraitzailetik bik ukatu egin dute erasoa AEBen "demokraziarentzako mehatxua" izan dela.
EITB MEDIA
Errepublikanoen hiru boto-emailetik bik ez dute uste "demokraziarako mehatxua" denik Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen jarraitzaileek Kongresuari egindako erasoa, eta ia erdiek babesten dute ekintza hori.
YouGov enpresak 1400 elkarrizketatik abiatuta egindako inkesta baten arabera, errepublikanoen % 27k soilik uste dute Kapitolioa hartzeko saiakerak arriskuan jarri duela Estatu Batuetako demokrazia, eta % 45ek "erabat edo nolabait" babesten dute.
Gertatutakoaren erantzuleei dagokienez, inkestatuen % 55ek Trump seinalatzen dute. Ezberdina da errepublikanoen joera; kasu honetan, % 52k Joe Biden presidente hautetsia egiten du erantzule; eta % 28k, berriz, egungo presidentea.
Badira ezberdintasunak, halaber, fakzio bakoitzak Kapitoliotik kanpo eta barruan protesta egin zutenei erreferentzia egiteko erabiltzen dituen terminoetan. Errepublikanoen artean, termino errepikatuenak "manifestariak" eta "abertzaleak" dira; demokraten artean, berriz, "muturrekoak", "terroristak", "kriminalak" edo "demokraten aurkakoak".
Trump aroaren amaiera
Kapitolioa hartzeko saiakera Joe Bidenen garaipena balioztatzeko Kongresuko saioan egin zen. Kargu-hartzea urtarrilaren 20an izango da, Trumpek ostegun honetan agindu duen "trantsizio ordenatuaren" baitan.
Hala ere, bi boto-emailetik batek urtarrilaren 20ra arte ez itxarotearen eta Trump berehala kargutik kentzearen alde egin du, epaiketa politiko berri bati buruzko eztabaida betean edo Gobernuko kideek egindako hogeita bosgarren zuzenketari buruzko eztabaidan.
% 42ren ustez, Trump oraintxe bertan kanporatzea ez litzateke egokia izango. Datu hau gora egiten du % 85ra Alderdi Errepublikanoaren jarraitzaileen iritzia soilik kontuan hartzen bada.