Mundua -

Kapitolioa hartzeko saiakera

Munduak Washingtongo indarkeria gaitzetsi eta demokrazia aldarrikatu du

Arbuioa aho batekoa eta berehalakoa izan da. Munduko buruzagi eta erakunde nagusiek harridura eta sumindura azaldu dute Trumpen jarraitzaileen jarreraren aurrean.

Kapitolioan sartu diren Trumpen jarraitzaileetako batzuk. Argazkia: EFE
Kapitolioan sartu diren Trumpen jarraitzaileetako batzuk.
Kapitolioan sartu diren Trumpen jarraitzaileetako batzuk. Argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundua harri eta zur geratu da AEBetik etorritako irudiekin, Trumpen jarraitzaileek Kapitolioa hartzeko saiakera egin ostean. Harridura gaindituta, sumina eta kritika zabaldu dira, eta agintariek eta erakundeek bat egin dute lau hildako eta triskantza utzi dituen gertakariak salatzeko orduan.

Etxetik hasita, Iñigo Urkullu lehendakariak Twitter sare soziala erabili du bere iritzia plazaratzeko. Lehendakariaren aburuz, "demokrazia aurreratu bat ez dagokio Washingtonen bizitzen ari diren indarkeria egoera jasatea". Dena dela, itxaropena du "botere aldaketa ezarritako erakunde bideetatik egitea eta Ameriketako Estatu Batuetan etapa berri bat irekitzea".

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea baikorrago azaldu da esanez "AEBko demokraziak saiakera autoritario hau gaindituko" duela. Izan ere, uste du Bidenek eta Harrisek gidatutako administrazio berria "aukera positiboa" dela "ez bakarrik AEBrentzat baizik eta Espainiarentzat eta Europarentzat".  

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "kezkaz" jarraitu ditu Washingtonen gertatutakoak baina konfiantza agertu du "AEBko demokraziaren indarrean".

Halaber, Joe Bidenen Presidentetza berriari esker AEBk "sumin aro hau gaindituko duela herritarrak batuz".

Gogorrago mintzatu da Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Unidas Podemosen buruzagia. AEBn gertatutakoa "ultraeskuinaren modus operandi-a" dela iritzi baitio: "Gezurra arma politiko moduan erabiltzea eta ados ez daudenean tresna instituzionalak subertsio saiakeratzat hartzea". Hori horrela,  "demokrazia eta antifaxismoa" aldarrikatu ditu "indarkeriaren eta gezurren aurrean".

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bideoa eskegi du Twitterren Washingtongo indarkeriazko gertakariak deitoratuz. Macronen esanetan, "konfiantza dut AEBko demokraziaren indarrean". Hala, "AEBri dion laguntasuna eta fedea" berretsi ditu "Washingtonen gertatutakoa amerikarra" ez dela azpimarratuz.

Europaren eta erakunde nagusien erreakzioa

Europaren bihotzetik, Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak uste osoa du "AEBko erakundeengan eta demokraziarengan" eta esan du espero duela Bidenekin lan egiteko aukera izango duela hura presidente dela.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere, Trumpen aliatuetako batek, kritikatu du Kapitolioan gertatutakoa. Jazotakoa "lotsagarria" dela iritzi dio eta botere aldaketa "baketsu eta ordenatua" eskatu du.

Gainerakoan, harridura da gehien hedatu den sentimendua Europako agintarien artean. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, esaterako, adierazi du Kapitolioa hartzeko saiakera "demokraziarentzat lotsagarrikeri" bat izan dela eta "askatasunari eraso egiten jarraitzeari uzteko" eskatu du.

Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusia "triste" azaldu da AEBn jazotakoekin eta buruzagi politikoei indarkeria ez sustatzeko eskatu die. Gogorarazi duenez,  "garrantzitsua da buruzagi politikoek indarkeriaz aldetzeko mezuak zabaltzea, prozesu demokratikoak eta zuzenbide estatua errespetatzea".

Bestalde, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak "harrigarritzat" jo ditu Kapitolioko irudiak eta "hautu demokratikoaren emaitza errespetatu" behar dela azpimarratu du.

Ozeanoaren bestaldetik, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak esan du "oso kezkatuta eta triste" daudela ondoko herrialdean gertatutakoekin. "AEB gure aliatu gertukoena da. Hau bere demokraziari egindako erasoa da. Indarkeriak ez du inoiz herritarren borondatea zapalduko", erantsi du.

Espero bezala, Venezuelak estu hartu du AEBn gertatutakoa. Nicolas Maduroren gobernuak kezkaz hartu ditu istiluak baina uste du "AEBk beste herrialde batzuetan bere politika erasokorrek eragindakoa sufritzen" ari dela, eta "AEBko sistema politiko eta sozialak duen krisi sakonaren erakusle" baino ez dela erantsi du.

Gaitzespena AEBn ere

Ameriketako Estatu Batuetan ere kritika zabaldu da, eta hitz gogorrak izan dituzte presiente ohiek, kongresistek eta bestelako buruzagi politikoek, izan demokrata zein errepublikano. Batzuek, gainera, Trump politikoki epaitzea eskatu dute.

"Historiak ondo gogoratuko du jarduneko presidenteak bultzatutako indarkeria hau. Trumpek inongo argudiorik gabe eutsi dio hauteskundeen iruzurrari, eta gure nazioa lotsarazi eta iraindu du", adierazi du Barack Obamak.

Errepublikanoen artean ere izan da kritikarik. Gogorren agian George W. Bush mintzatu da: "Atsekabetuta nago buruzagi politiko batzuen jarrerarekin eta gure erakundeei, ohiturei eta legeari erakutsitako errespetu faltagatik. Nazkagarria eta lazgarria da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Ameriketako Estatu Batuak Europa Erresuma Batua Espainiako Gobernua NBE NATO Hauteskundeak AEB Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Venezuela Donald Trump Melania Trump Emmanuel Macron Kanada Boris Johnson María Chivite Joe Biden Frantziako Gobernua