Mundua -

Koronabirusa

Londresen neurri zorrotzak ezarriko dituzte, covid-19 mota berri bat antzeman ondoren

Ingalaterrako hego-ekialdea eta ekialdea 4. mailara pasako dira igande honetan, funtsezkoak ez diren saltokiak itxiz. Dagoeneko MOE birusaren andui berriaren inguruan ohartarazi dute.

Londres (Erresuma Batua). Argazkia: EFE
Londres (Erresuma Batua). Argazkia: EFE
Londres (Erresuma Batua). Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Londres, Ingalaterrako hego-ekialdea eta ekialdea 4. maila larrira pasako dira igande honetan, besteak beste, funtsezkoak ez diren saltokiak itxiz, covid-19 kasuek gora egin ondoren, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri duenez.

Lehen ministroak Gobernu bilera deitu du gaurko. Eguberrietan neurri murriztaileak areagotuko direla iragarri du Johnsonek prentsaurrekoan, zonalde horietan covid-19 mota berriaren presentzia baieztatu ondoren.

Dagoeneko Munduko Osasun Erakundea (MOE) birusaren andui berriaz ohartarazi dute. Dirudienez, azkarrago zabaltzen da, baina hilgarriagoa denik edo garatutako txertoen eraginkortasuna mugatu dezakeenik ez dute oraingoz frogatu. Hala ere, andui berria premiaz aztertzen ari dira.

Horrela, funtsezkoak ez diren produktuak saltzen dituzten dendek, gimnasioek, zinema-aretoek eta ile-apaindegiek bi astez ateak itxi beharko dituzte. Bestalde, etxe berdinean bizi ez diren pertsonen arteko bilerak bira mugatuko dira, eta aire librean, gobernuburuak azaldu duenez.

Gainera, Eguberrietan, 4. maila horretan bizi direnak ezin izango dira beste pertsonekin bildu, familia "burbuilatik" at.

Ingalaterra neurri zonalde ezberdinetan zatitu dute, larritasun mailaren zein kasu kopuruaren arabera. Bizi diren tokietan geratzeko eskatu die lehen ministroak herritarrei: "Biztanleriak atzerrira bidaiatzeko beharra tentuz aztertu beharko luke".

Ingalaterrako zuzendari medikoa: "Birusaren andui berria arinago hedatzen ari da"

Gainera, 4. mailako zonaldean bizi direnek, erabateko itxialdiaren oso antzekoa, ezin izango dute atzerrira bidaiatu, "salbuespeneko kasuetan" izan ezik, lan egiteko adibidez.

4. mailako biztanleei etxetik lan egitea eskatu die lehen ministroak. 1., 2. eta 3. mailakoak, ordea, hiru etxebizitza desberdinetako taldeetan bilduko ahalko dira soilik hilaren 25ean.

Gaur arte, bilera horiek abenduaren 22tik 28ra zeuden baimenduta, familiei malgutasuna emateko helburuarekin.

Chris Whitty Ingalaterrako zuzendari medikoak azaldu duenez, "hego-ekialdean kasuen gorakada azkarrak erakusten du birusaren andui berria arinago hedatzen ari dela".

"Munduko Osasun Erakundea ohartarazi dugu, eta ditugun datuak aztertzen jarraitzen dugu, birusaren ezagutza hobetzen jarraitzeko", gehitu du.

Egoera horren aurrean, "inoiz baino garrantzitsuagoa da herritarrek bere inguruan transmisioa murrizteko neurriak hartzea", esan du zuzendari medikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Londres Erizaintza Sendagaiak Txertoak Boris Johnson Koronabirusa Anbulatorioak