Mundua -
GOBERNU BERRIA
Deb Haaland emakume natibo amerikarra aukeratu du Bidenek Barne idazkari izateko
Senatuak bere izendapena berresten badu, kargua betetzen duen lehen amerikar natiboa izango da.
O.A. | EITB Media
Joe Biden AEBko presidente hautatua pixkanaka bere Gobernua izango dena osatzen ari da, eta Deb Haaland Mexiko Berriko kongresukidea proposatu du Barne idazkari kargurako. Orain Senatuak berretsi beharko du izendapena. Baieztatuz gero, kargua betetzen duen lehen amerikar natiboa izango da.
Haalandek 60 urte ditu eta Pueblo Laguna komunitateko kide da, nahiz eta Pueblo Jemez komunitateko sustraiak ere badituen. Biak ala biak AEBko hego-mendebaldean daude.
2018an, AEBko Ordezkarien Ganberako kide aukeratu zuten lehen bi emakume amerikar natiboetako bat izan zen. Geroztik, bere jatorrizko herriaren baldintzak hobetzen lan egin du, ingurumen politika eta klima aldaketa gaietan, bereziki. Halaber, pandemia garaian laguntza eskaini die. Orain arte Ordezkarien Ganberako Baliabide Naturalen Batzordeko presidenteordea izan da.
"Nirea bezalako ahotsik ez da inoiz izan ez kabineteko idazkari, ez Barne Departamentuko buru. Amaren Pueblo etxean hazteak indartsu egin ninduen. Gogorra izango naiz guztiongatik, gure planetarengatik eta gure lur babestuengatik. Ohoratua sentitzen naiz eta zerbitzatzeko prest nago", idatzi du Deb Haalandek bere Twitterreko kontuan.
Izendapena berretsiz gero, Joe Bidenen gobernuko kide izango da. Etxe Zuriaren historiako administrazio anitzena izango da, Ameriketako Estatu Batuen aniztasuna islatuz.
Estatu Batuetako Barne Sailak baliabide naturalak administratzen ditu, parke naturalak eta gas edo petrolio hobiak barne, baita herrialdeko ondare kulturala ere. Gainera, bertako 578 komunitate amerikarrekin harremanak ditu.