Mundua -

Koronabirusa

Eskolak eta funtsezkoak ez diren jarduerak itxi dituzte Alemanian, urtarrilera arte

Alemaniako Gobernuak eta estatu federatuek asteazkenetik aurrera "konfinamendu gogorra" ezartzea adostu dute.

Angela Merkel. Argazkia: EFE
Angela Merkel.
Angela Merkel. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Gobernuak eta estatu federatuek asteazkenetik aurrera herrialde osoan "konfinamendu gogorra" ezartzea adostu dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko.

Angela Merkel kantzilerrak eta 16 estatu federatuetako buruek bilera telematiko batean adostu dute azarotik hartutako neurri murriztaileak gogortzeko pausoa ematea.

Abenduaren 16tik aurrera funtsezko jarduerak baino ezingo dira zabalik egon. Eskolek ere ateak itxiko dituzte, beranduenen asteazkenetik aurrera, eta hiru aste eta erdiz luzatuko dituzte Gabonetako oporrak, urtarrilaren 10era arte, eta ez 4ra arte, aurreikusita zegoen bezala.

Bilerak, baita Gabonetakoak ere, bi etxebizitzatako bost pertsonara mugatuko dira (14 urtetik beherakoak kontuan hartu gabe). Gainera, telelana gomendatu dute eta bidaiatzeko debekua mantendu dute.

Olaf Scholz Finantza ministroak iragarri duenez, laster ekonomiari laguntzeko neurri gehigarriak onartuko dira, aurreko murrizketekin batera hartutakoen antzekoak.

Azken 24 orduetan 20.200 kutsatu berri atzeman dira Alemanian eta 321 hildako izan dira, Robert Koch Institutuaren datuen arabera.

Azken zazpiegunetan 140.383 kasu berri izan dira Alemanian, eta metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 169,1koa da.

Guztira, 1.320.716 kutsatu zenbatu ditu Alemanian (biztanleen % 1,5etik gora), eta horietako 21.787 hil dira. Institutuaren arabera, osatutako pertsonen kopurua 967.900 da, eta momentu honetan 330.000 bat daude kutsatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Alemania Angela Merkel Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa