Mundua -
BREXIT
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak "brexit"a negoziatzen jarraituko dute
Igande hau zen erabakia hartzeko azken eguna, eta Von der Leyenek eta Johnsonek negoziaketekin jarraitzea adostu dute hitzarmen bat lortzeko. Kezka handia dute euskal arrantzaleek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak euren arteko merkataritza harremanaren inguruan negoziatzen jarraitzea adostu dute, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri duenez Boris Johnson lehen ministro britainiarrarekin telefonoz hitz egin ostean.
"Gure negoziatzaileei hitz egiten jarraitzeko esan diegu, akordio bat lortu dezakegun ikusteko, baita azken etapa honetan ere", esan du Von der Leyenek.
Bi agintariek gaur jarri zuten epemuga negoziaketen etorkizunari buruzko erabaki bat hartzeko eta urte bukaera baino lehen akordio bat lortzea ezinezkoa zen ala saiatzen jarraitu dezaketen erabakitzeko.
"Urtebetez negoziatzen egon ostean nekatuta egon arren, epeak behin eta berriro urratu diren arren, uste dugu arduraz jokatzea dela, momentu honetan, ahalegin gehigarri bat egitea", esan du Von der Leyenek.
Johnsonekin telefonoz izandako elkarrizketa "eraikitzailea eta probetxugarria" izan da, eta "konpondu gabeko gai guztien inguruan" hitz egin dute.
Askatu gabeko korapiloak
Adostasunik gabeko gaiak dira oraindik arrantza, enpresa britainiarren eta europarren arteko bidezko konpetentzia eta balizko hitzarmen baten inguruko gatazkak konpontzeko modua.
Zalantzak zalantza, ezkortasuna darie buruzagi politikoen adierazpenei. Europako Batzordeko presidenteak ostiralean emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, Londres eta Bruselaren arteko jarrerak urrun daude oraindik "funtsezko" gaietan, hala nola, arrantzari dagokionean, Europako eta Erresuma Batuko enpresen arteko bidezko lehiaroi dagokionean eta balizko itunaren inguruko gatazkak konpontzeko mekanismoan.
"Igandean erabakiko dugu akordio baterako baldintzak ditugun ala ez", esan zuen, eta "modu batera edo bestera, hiru aste baino lehen, lagun zaharrentzako hasiera berria izango da".
Erresuma Batutik, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak esan du "oso litekeena" dela Londresek Europar Batasunarekin brexit-aren ostean lortzea ituna eta Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) arau orokorren arabera merkataritzan aritzeko irtenbide "zoragarria" aukeratzea.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak telefonoz hitz egingo dute eguerdian, brexit-aren inguruko elkarrizketak desblokeatzen saiatzeko.
Londresen eta Bruselaren arteko etorkizuneko harremanari buruzko akordioa urtea amaitu baino lehen lortu eta Westminsterko Parlamentuan berretsi behar da; urtarrilaren 1ean Europar Batasuneko legedia Britainia Handiko lurraldean aplikatzeari utzi eta Erresuma Batua EBtik kanpo geratuko baita.
Bien bitartean, Brexitari buruzko akordioa itxi ezean, Erresuma Batuko gobernuak Europar Batasuneko arrantza-ontziak harrapatzeko prestatzeko agindu dio Errege Itsas Armadari. Euskal Herritik, Ondarroako alturako ontzietako arrantzaleak interes handiz jarraitzen ari dira negoziazioak; izan ere, Britainia Handiko uretan egiten diren harrapaketak: legatza, oilarra, zapoa eta bakailaoa, Irlandaren iparraldeko eta Gran Soleko arrantzalekuetan egiten dira, batez ere.