Mundua -
AKORDIOA EUROPAKO GOI BILERAN
Hungariak eta Poloniak betoa erretiratuta, funtsen gaineko blokeoa gainditu du EBk
Europako buruzagiek argi berdea eman diote Alemaniak Hungariarekin eta Poloniarekin aldez aurretik hitzartutako dokumentuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek bart ontzat eman dute Poloniak eta Hungariak funtsei jarritako blokeoa gainditzeko Alemaniak bi herrialde horiekin lorturiko akordioa. Gauzak horrela, funtsen (1,8 bilioi euro) tramitaziorako oztopo nagusia gainditu du Europar Batasunak.
Batasuneko buruzagiek argi berdea eman diote Alemaniak, EBko presidente gisa, Hungariarekin eta Poloniarekin aldez aurretik hitzartutako dokumentuari. Testu horrek nolabaiteko bermea ematen die bi herrialde horiei Europako suspertse funtsak ez direla erabiliko beste arlo batzuetan presioa egiteko, migrazio politikan esaterako. Gatazka eragin zuen puntua ondorengoa da, dirua nahi duenak zuzenbide estatua errespetatu behar duela.
Adostutako testuaren arabera, mekanismo honek "Europako aurrekontuak eta berreskuratzeko funtsak babestea" baino ez du bilatzen, eta horren aplikazioa "inpartziala" eta "ez diskriminatzailea" izango dela bermatzen du.
Zuzenbide estatua errespetatzearen baldintzak hor jarraituko duen arren, ez da aplikatuko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak epaia eman arte, baldin eta Hungariak eta Poloniak araudia epaitegietara eramatea erabakitzen badute.
Praktikan horrek esan nahi du Europar Batasunaren oinarrizko printzipioak urratzen dituzten herrialdeei ezingo zaizkiela ordainketak eten gutxienez bi urte igaro arte.