Mundua -

KORONABIRUSA

90 urteko emakume bat, Pfizerren txertoa jaso duen lehena munduan

Keenanek 21 egun barru jasoko du bigarren dosia. Erresuma Batuak 40 milioi dosi ditu hitzartuta, eta 20 milioi pertsonari jarriko diete txertoa.

Margaret Keenan txertatzen. Irudia: EFE
Margaret Keenan txertatzen
90 urte dituen Margaret Keenan izan da Pfizerren txertoa jasotzen lehena

0:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

90 urteko emakume bat izan da Pfizer farmazialari estatubatuarrak eta BioNTech bazkide alemaniarrak garatutako covid-19aren aurkako txertoa jaso duen lehen pertsona Erresuma Batuan eta munduan, hedabideek astearte honetan jakitera eman dutenez.

Margaret Keenan (90 urte) filmatu eta argazkiak atera dizkiote txertatzen ari zen bitartean Coventryko Unibertsitate Ospitalean, Ingalaterra erdialdean.

Erregulatzaile britainiarrek joan den astean eman zioten argi berdea txertoari, eta astearte honetatik aurrera Erresuma Batuko talde ahulenei emango die.

Txertoaren bi dosietatik lehena jaso du Keenanek, arreta mediatiko handiaren erdian, Erresuma Batuko Gobernuak "V-Day" (txertoaren eguna) deitu duenaren hasiera markatu baitu.

Keenanek 91 urte beteko ditu datorren astean. Ipar Irlandako Enniskillen herrian jaioa, bitxi-denda bateko langile ohia da, eta alaba bat, seme bat eta lau biloba ditu.

"Oso pribilegiatua sentitzen naiz covid-19aren aurkako txertoa jaso duen lehen pertsona izateagatik. Urtebetetze oparirik onena da, aurreratuta, urte osoan bakarrik egon ostean, azkenean familiarekin eta lagunekin egoteko aukera izango dudala esan nahi duelako", adierazi du Keenanek.

Keenanek 21 egun barru jasoko du bigarren dosia.

Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako 50 ospitale inguru hasiko dira gaur 80 urtetik gorakoei eta osasun sektoreko eta zahar etxeetako langileei txertoa jartzen, baina bertan bizi direnek itxaron egin beharko dute datozen egunetan logistikak txertoa lekura eramateko aukera eman arte.

Erregulatzaileen arabera, txertoa eraginkorra izango da pertsona batek bigarren dosia jaso eta zazpi egunera, baina babes motaren bat ere izango du lehenengo dosia jaso eta 12 egunera.

Erresuma Batuak 40 milioi dosi ditu hitzartuta, eta 20 milioi pertsonari jarriko diete txertoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa