Mundua -
'Brexit' osteko akordioa
Itun bat ixteko negoziazioa "puntu oso zailean" dagoela esan du Erresuma Batuak
Boris Johnson lehen ministroaren bozeramaileak azpimarratu duenez, "zenbait desadostasun gainditu" behar dituzte oraindik, besteak beste, arrantzaren etorkizuna, eta "denbora gutxi geratzen da".
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunarekin Brexit osteko akordio bat lortzeko negoziazioa "puntu oso zailean" dagoela adierazi du Erresuma Batuko Gobernuak ostiral honetan, baina ituna adosteko konpromisoa mantentzen dutela ziurtatu du Londreseko Exekutiboak.
Boris Johnson lehen ministroaren bozeramaileak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, "zenbait desadostasun gainditu" behar dituzte oraindik, besteak beste, arrantzaren etorkizuna, eta "denbora gutxi geratzen da", baina "lanean gogor" jarraitzen dutela erantsi du.
Downing Streeteko iturri batek azaldu duenez, Michel Barnierrek zuzendutako EBren talde negoziatzailearekin elkarrizketek asteburuan jarraituko dute, "beharrezkoa izanez gero".
Asteburua Chequers (Ingalaterrako hegoaldea) landa-etxean igaroko du Johnsonek, baina une oro "negoziatzaileekin harremanetan dago, jakinaren gainean", bozeramaile ofizialaren arabera.
Erresuma Batuko Gobernuaren ahotan, etorkizuneko harremanaren inguruan adostasun bat lortzeko "lanean gogor jarraitzeko konpromisoa" dute.
"Oraindik zenbait desadostasun gainditu behar ditugu, oso denbora gutxi geratzen da, eta elkarrizketen puntu oso zailean gaude", onartu du Johnsonen bozeramaileak.
"Subiranotasun, arrantza eta mugen kontrola gure funtsezko eskubideak errespetatzen ez dituen akordiorik ez dugu onartuko, halaxe da", gaineratu du.
"Fase zaila"
Alok Sharma Enpresa ministroak goizean BBCn adierazi duenez, negoziazioa "fase zailean" dago. Itun bat ixteko aukerak "agortzen" ari direla esan du beste iturri batek.
Londres eta Brusela arlo gatazkatsuetan jarrerak hurbiltzeko saiakeran ari dira, hala nola, arrantza kuoten kudeaketa, enpresen arteko lehiarako arauak eta akordioaren gobernantzan. Azkenak 2021ko urtarrilaren 1etik aurrera aldebiko harremanak arautuko lituzke.
Itunik ez balego, muga-zerga baldintza orokorrekin (Munduko Merkataritza Erakundea) arautuko lirateke bi aldeen arteko merkataritza harremanak, ez oso mesedegarriak.