Mundua -

KORONABIRUSA

Italiak koarentena ezarriko die herrialdera sartzen direnei, Gabonetan

Abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra debekatuta egongo da eskualdeen arteko mugikortasuna eta abenduaren 25ean, 26ean eta urtarrilaren 1ean ezingo da udalerritik atera. 993 pertsona hil dira 24 ordutan.

Milango Duomo plaza, Gabonetarako apainduta. Artxiboko argazkia: EFE
Milan, Italia
Milango Duomo plaza, Gabonetarako apainduta. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Gobernuak neurri murriztaileak areagotu ditu Gabonei begira, eta abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean atzerrian egon eta herrialdera sartzen direnei koarentena ezarriko die. Hirugarren olatua ekiditea da helburua.

"Urtarrilaren 21etik 6ra bitartean atzerrira joaten diren italiarrek berrogeialdia egin beharko dute", eta gauza bera gertatuko da egun horietan Italiara bidaiatzen duten turistekin ere, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak atzo prentsaurreko batean adierazi zuenez.

22:00etatik 05:00etara etxeratze agindua egongo da indarrean, Gabon Zahar egunean salbu. Abenduaren 31n etxeratze agindua 07:00ak arte luzatu dute.

Arrisku gutxieneko eremuetan, gune hori izendatutakoetan, tabernak, jatetxeak eta pizzeriak zabalik egon ahal izango dira bazkalorduan, 18:00ak arte, eta etxera eramateko janaria eskaini ahal izango dute.

Eremu laranjetan eta gorrietan, ostera, etxera eramateko janaria eskaini ahal izango dute, 22:00ak arte.

Atzo, Italian, koronabirusarekin kutsatutako 993 hildako zenbatu zituzten, pandemia hasi zenetik egun bakar batean izandako kopururik altuena. Covid-19ak 1.664.829 kutsatu eta 58.038 hildako eragin ditu Italian, otsaila amaieran lehen positiboa atzeman zutenetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak EB Europa bideoak Gaixotasunak argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Italia Koronabirus-agerraldiak