Mundua -
Koronabirusa
Erresuma Batuak Pfizerren txertoa baimendu du eta munduko lehena izango da erabiltzen
Osasun Produktuak Arautzeko Agentzia britainiarraren oniritzia jasota, txertaketa kanpaina egun gutxi barru abiatzea espero da.
Agentziak
Osasun Produktuak Arautzeko Agentzia britainiarrak (MHRA, ingelesez) Pfizer farmazia enpresa estatubatuarrak eta BioNTech alemaniarrak garatutako COVID-19aren kontrako txertoa baimendu du, Osasun Ministerio britainiarrak gaur jakinarazi duenez.
Horrenbestez, Erresuma Batua izango da koronabirusaren kontra txertatzen duen munduko lehen herrialdea. Izan ere, txertaketa kanpaina egun gutxi barru abiatzea aurreikusi dute.
MHRAk nabarmendu duenez, txertoa "segurua" da, eta % 95eko eraginkortasuna du birusaren aurka.
"Gobernu britainiarrak MHRAren gomendioa onartu du gaur Pfizer/BioNTech enpresen COVID-19aren aurkako txertoa erabiltzeko. Hilabeteak eman dituzte entsegu kliniko zorrotzak egiten, eta MHRAren adituek datuak sakon eta zehatz aztertu dituzte", azaldu du Ministerioak ohar batean.
Matt Hancock Osasun ministro britainiarrak Twitterren duen kontuan adierazi duenez, "laguntza bidean da. Erresuma Batuko osasun sistema (NHS, ingelesez) prest dago datorren aste hasieran txertatzen hasteko. Erresuma Batua izango da munduko lehen herrialdea klinikoki baimendutako txerto bat erabiltzen".
Txertaketa eta Immunizazioari buruzko Batzordeak aurki kaleratuko du bere gomendioa txertaketa lehentasunen inguruan, baina litekeena da adineko pertsonak eta osasun langileak izatea aurrenekoak.
Erresuma Batuak txertoaren 40 milioi dosi erosi ditu, eta horiekin 20 milioi pertsona babestu ahalko ditu (bi dosi ditu Pfizerren tratamenduak). Aurreikuspenen arabera, lehendabiziko 10 milioi dosiak laster izango dira erabiltzeko moduan.
50 ospitale prest daude dagoeneko
Erresuma Batuak 50 ospitale ditu dagoeneko prest datorren astean txertaketa abiatzeko, Matt Hancock Osasun ministroak jakitera eman duenez.
SkyNews telebista katean egindako adierazpenen arabera, ospitaleak ez ezik, txertoa jartzeko berariaz prestatutako zentroak ere arduratuko dira horretaz, baita auzoetako osasun zentroak eta botikak ere.
"Guztira, 50 ospitale prestatu ditugu, eta txertoaren zain daude orain", erantsi du ministroak. Halaber, azaldu du oso zaila dela dosiak zeropetik 70 graduko tenperaturan gordetzea.
"Ez da erraza, baina planak ditugu. Gaur bertan Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako ministroekin hitz egingo dut guztiok txertaketa hasteko prest gaudela ziurtatzeko", esan du.
Johnsonen hitzetan, txertoari esker "bizitza berreskuratuko dugu"
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak "zoragarritzat" jo du txertoaren onarpena, eta azpimarratu du "gure bizitzak berreskuratzen lagunduko digula".
"Datorren astetik aurrera Erresuma Batua osoan egongo da eskuragarri", adierazi du gobernuburuak Twitter bidez.
"Bizitzak berreskuratzeaz gain, ekonomia berriro martxan jartzeko balioko digu honek", gaineratu du Johnsonek. Arratsaldeko 17:00etan (GMT) prentsaurrekoa emango du Downing Streetetik.