Mundua -
Abenduaren 6an
Venezuela, hauteskunde legegileen atarian
Diosdado Cabello diputatu eta PSUV alderdiko hautagai chavistak "diziplina handiz botoa ematera joateko" eskatu die jarraitzaileei. Oposizioak, berriz, abstentziorako deia egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuela hauteskunde kanpainaren azken txanpan sartu da asteon. Igandean, hilaren 6an, Asanblea Nazionala berritzeko hauteskundeak dituzte, eta horien atarian, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko koarentena altxatu berri du Gobernuak, bozketa "segurua" izango dela azpimarratuta.
Hautagaiek areagotu egin dituzte kanpainako ekitaldiak. Oposizioak, bien bitartean, hauteskundeetan ez parte hartzeko deia egin du. "Ez dira hauteskunde demokratikoak izango", aldarrikatu dute.
Ildo ofizialistak ekitaldi jendetsuak egin ditu, oposizioa gogor kritikatuz. Diosdado Cabello diputatu eta PSUV alderdiko hautagaiak Bolivarreko estatuak egindako mitin batean azpimarratu duenez, "igandean diziplina handiz atera behar gara botoa ematera". Cabelloren esanetan, "abenduaren 6a herriak mendeku hartzeko eguna izango da".
Bien bitartean, abstentziorako deia egin du oposizioak. Marina Corina Machado Vente Venezuela alderdiko buruzagiak azaldu du hauteskundeek ez dutela "herri honek duen krisi sakona gainditzen lagunduko, biztanleriaren ia bi heren muturreko pobrezian baitago".
"29 hauteskunde prozesu egon dira eta denek amaitu dute berdin. Erregimen chavistak nazioartean bere burua zuritzeko erabili ditu, denbora irabazteko", azpimarratu du Machadok.